Euskal ombusdmanaren eginkizuna auzorik txiroenak birgaitzeko prozesuetan: "case-studies and tentative conclusions"

Manuel Lezertua arartekoak gai honi buruzko jardunaldi batean parte hartu du gaur, Atenasen: krisi ekonomikoa eta humanitarioa, eta nola eragiten duen gure hirietako auzorik txiroenetan. Jardunaldi hori Greziako Herriaren Defendatzaileak antolatu du.

Atenas edo Perama bezalako greziar hirietako alkateen mintzaldien ondoren, arartekoak lan saio batean esku hartu du, bere kide batzuekin batera, Ombudsmanek auzorik txiroenak berroneratzeko prozesuetan duten eginkizuna hizpide hartuta.

Lehendabizi, labur azaldu du Euskal Herriaren hiri-ingurua. Nagusiki Bilboko itsasadarraren inguruak ekonomian, gizartean eta hirigintzan izan zuen eraldaketa sakona aipatu du, handituz zihoan industria siderurgikora lan bila zetozen migratzaileen samalda hartu zuenean.

Geroago, 80ko hamarkadako krisiaren ondorioz sortu zen industria-birmoldaketak aldaketa baten hasiera ekarri zuen euskal industri ekoizpenaren ereduan.

Desindustrializazio prozesuak arrakastatsuak izan dira askotan, adibidez, Bilbo Itsasadarra 2000ren sorrera (Bilbo eta bere ingurua hirigintza arloan berroneratzeko elkarte publikoa). Beste zenbaitetan, aldiz, emaitzak ez dira espero zirenak izan.

Hirigintza arloko hondamen-prozesuei gehitutako beste ondorio bat hauxe izan da, kasu batzuetan: gizarte-maila ertaineko familiak alde egin eta errenta gutxiagoko familia berriak sartu izana. Finantza, ekonomia eta higiezinen arloetan izandako krisi sakona ere hartu behar da kontuan, izan ere, moteldu egin ditu eta, zenbaitetan, geldiarazi ere bai, hiria berroneratzeko prozesu horiek.

Testuinguru horretan, auzorik txiroenetakoren batean sortutako gatazka batzuetan esku hartu du Arartekoak -eta hala azaldu du . Zenbaitetan, arazo nagusiak hauexek izan dira: administrazioak esku hartu behar duela auzoetan herritarren segurtasun egokia bermatzeko, eta gizarte-politika barneratzaileak bultzatu behar direla egoera horiek sortzen duen gatazka-arriskuari aurrea hartzeko; beste zenbaitetan, hiria berrantolatzeko mekanismoak sustatu behar direla.

Gure hausnarketetan beti eskatu dugu hiria berroneratzeko udal politikek ikuspegi osatua erabil dezatela, hiri-garapen zentzudunago, iraunkorrago eta, gizartearen aldetik, barneratzaileago bat oinarritzat hartuta. Horrela, politika publikoetan sartu behar diren zenbait gogoeta nabarmendu ditugu:

- Auzoak behar dituen oinarrizko zerbitzuak egitea (kale-argiak, garbiketa, gune publikoak erabiltzea, segurtasun-baldintzak¿) lagungarria da hiria berroneratzeko lanak bukatu arte hondamen handiagorik gerta ez dadin. Esku-hartze publiko azkar batek bakarrik prebenitu dezake hiriko eremu hondatu horietan gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonak eta taldeak pilatzea.

- Auzokideak gizarteratzea sustatu behar da. Auzo horietan bizi diren biztanleak kultura anitzekoak izateak erronka bat dakar berekin: modu egokian kudeatzea kultura aniztasuna. Berdintasunean oinarritutako kultura bultzatuko bada, erakundeek jarrera argi eta irmoa erakutsi behar dute edonolako diskriminazioaren kontra.

- Gobernatzeko mekanismo egokiak ezarri behar dira, herritarren partaidetza eta administrazioaren lankidetza erraztuko dutenak.

Arartekoak erakunde honen esku-hartzea eragin duten kasuetako batzuk aipatu ditu: Sestaon ijitoen familia batzuei berriz ostatu ematea, Abanto Zierbenan auzo hondatu bat berroneratzea edo kultura-balio ezaguneko industria-ondarea berreskuratzea.


Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 20a