Eusko Legebiltzarrak Memoriaren Eguna ospatu du gaur

Erakunde-ekitaldi hori euskal ganberaren egoitzan izan da, \"Gauerdiko iparrorratza\" eskulturaren ondoan

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari. Bere mintzaldian hauxe esan du, besteak beste: "etorkizuneko bake eta bizikidetzak eskatzen dute indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina eta biktimen duintasuna onartzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea".

Legebiltzarrean izan dira, orobat, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu, legebiltzarkide ugari eta Manuel Lezertua arartekoa.

Ganberako presidentearen hitzen ondoren, parte hartzeko lore-eskaintza burutu da eta "Agur Jaunak" kantatu da. Ekitaldia bukatzeko, bi minutuko isilunea egin da, biktima guztiak gogoratzeko.


Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 10a