Eusko Legebiltzarrari txostena 2002

  • Eragingarritasun maila oso handia da. Aztertu ondoren irregulartasunen bat zegoela iritzi genien erreklamazioetako % 90 baino gehiagotan, ukitutako administrazioak jarduera ongitu edo arteztu zuen.

  • Gasteiz, Bilbo eta Donostiako arreta zuzeneko bulegoetan 3.572 kontsulta artatu ziren.

  • Guztira 1.253 kexa jaso ziren 2002 urtean zehar

  • Arartekoak ofiziozko 91 jarduera egin ditu. Azpimarragarriak dira, kopuruaren aldetik, etxeko laguntza zerbitzuekin zerikusia dutenak.

  • Udalak dira, oraindik ere, erreklamaziorik gehienen jomuga (% 45,33). % 35,89 Eusko Jaurlaritzaren aurka egin dira eta % 15,77 foru aldundien aurka.

  • Erreklamazioa aurkeztu duten pertsonetatik % 81,75ek ontzat jo dute Arartekoaren esku-hartzea, nahiz eta arazoa konpondu ez.

2002 urtean 3.572 kontsulta artatu dira Ararteko erakundearen arreta zuzeneko hiru bulegoetan. Guztira hartutako bisiten kopurua, 2.332, nabarmen gehitu da, batez ere Gasteizko bulegoan. Horietatik 691 kexa batean gauzatu dira, % 29,63k arreta zuzeneko bulegoetan egiten den aurretiazko lana agerian utzi dute, honengatik edo bestearengatik, Arartekoak ikertu ezin dituen gai desberdinei buruzko erreklamazioak onartu ez direlako. Gainera, Internet herritarrek erreklamazioak jartzeko duten bide garrantzitsu gisa ere finkatzen ari da. Guztira jasotako kexen % 13,73 erakundearen web orrialdearen bidez heldu dira (www.ararteko.net).

2002an, herritarrek guztira 1.253 kexa jarri dituzte Arartekoarenean. Alabaina, kontuan izan behar da zenbait erreklamazio hamarnaka sinadurarekin etortzen direla, eta % 13,56 kolektiboren batek aurkeztu dituela. Herritarrek jarritako kexez gain, Ararteko erakundeak, bere ekimenez, irregulartasunak egon zitezkeen edo zerbitzu berriak emateko aukera pizten zuten hainbat gairi buruzko ikerketari ekin dio. Ofiziozko 91 jarduera izan dira, guztira.

Izapidetzen 2002an amaitu diren kexei dagokienez, aztertutako banakako edo taldeko kexen % 26,24an irregulartasunen bat zegoela ebatzi da. Baina ukitutako administrazioak kexa eragin zuen jarduera ongitu du, aztertu ondoren irregulartasunen bat zegoela ebatzi den erreklamazioen % 90,32an. Kasurik gehienetan (% 92,41) gomendiorik luzatu behar izan gabe ongitu edo arteztu dira. Erakundearen eragingarritasun mailak, beraz, gogobetetasun handia dagoela adierazten du.

Kexek zer gai eremuri ukitzen dioten kontuan izanez gero, ikusten dugu 2002an, aurreko urtearen aldean, eremu bakoitzean biltzen diren erreklamazioen kopuruetan aldaketa batzuk izan direla. Hartara, Funtzio Publikoaren alorreko kexa kopurua ikaragarri jaitsi da (2001ean baino 246 gutxiago), aurreko urtean kexa berdinen multzoak izapidetu baitziren. Aitzitik, Hirigintza eta Etxebizitza gaietako erreklamazioak ugariagoak izan dira (106 kexa 2001ean eta 158 2002an), baita Herrizaingo Sailarekin zerikusia dutenak ere (aurreko urtean baino 51 gehiago).

2002an erreklamaziorik gehien tokiko administrazioak jaso du, izapidetutako kexa guztien % 45,33 berari joan zaizkio-eta. Eusko Jaurlaritzaren aurkako kexak % 35,89 dira, eta % 15,77 foru administrazioari egin zaizkio. Kexarik gehien jasotzen duten udalerriak Bilbo (82 kexa), Gasteiz (59) eta Donostia (40) dira. Gainera, Bizkaian Barakaldo, Getxo eta Portugaletek, eta Gipuzkoan Errenteria, Hondarribia eta Irunek kexa kopuru aipagarria daukate.

Kexagileek beren borondatez eta izenik eman gabe betetzen duten galdera sortaren emaitzek adierazten dute Arartekoaren esku-hartzea oso ondo ikusten dela (galdera sorta erantzun dutenen % 81,75ek), baita arazoa konpondu ez zaien edo beren alde ebatzi ez den kasuetan ere. Askok baiesten dute, gainera, jendeari Arartekoarengana jotzea gomendatuko lioketela, administrazioren batekin arazorik izatekotan.

Urteko txostenean, euskal administrazioei egindako 7 gomendio orokor hauek sartu dira:

  • Haurrei tratu txarrak ematen zaizkien kasuetan erakunde-jarduera koordinatzeko protokoloa egin beharra.
  • Hiri inguruetan dauden goi tentsioko hari elektrikoen arazoa
  • Gordetako kuota: pertsona ezgaituak EAEko enplegu publikora heltzeko sustapen neurria.
  • Merkataritzarako lokalak etxe bihurtzeko aukera ematen duten udal ordenantzak.
  • Datu pertsonalen fitxategiak: nola erabili datuen babesa bermatuta.
  • Udal zergetan subjektu pasibo gisa hainbat pertsona bateratzea.
  • Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko zehapen prozeduran postaz egiten diren jakinarazpenak: jakinarazpenak behar bezala saiatuta egin direla ulertzeko baldintzak, jakinarazpena jaso behar duena ez dagoenean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 26a


Lotutako dokumentazioa

Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2002