EZBEHARRA BASURTUN: HIRIA KRISIALDIAN

Bizimodu, jokabide, pertsona eta sinesmenen globalizazioa, laurogeiko hamarkadan posmodernitatearen profetek iragarri bezala, jada hemen da. Eta gelditzeko asmoa du. Lehen, hiri bat, txikia edo handia izan, bizipenak, ibilbide pertsonal eta sozial partekatuak, historiaren barrukoa ia-ia antzematen uzten zuen lurraldea zen. Argazki albumak bezala, kale edo plaza bakoitzak bizitako une bat ekarri ohi zuen gogora eta, hala, hiriaren parte izatearen sentimendua sortzen zuen. Sentimendu horrek, mitoen propagandistek eta mito berrien sortzaileek esan eta aldarrikatu ohi dutenaren kontra, hurbilekoarekin du zerikusia, hazten eta hezten ikusten gaituen hiriarekin. Gero, barne hazkuntzarekin, eremu zabalagoen parte izatearen sentimenduetara heltzen joango gara: eskualdea, harana, lurraldea, probintzia, erkidegoa, nazio politikoa eta sentitzen dena, kontinentea, eta Lurra. Bakoitzak prozesu hori nola burutu aukeratu behar du, geldiune bat, batzuk edo guztiak ezaba ditzake, baina bi saihestezinak dira, benetan zentzua ematen digutenak: irteerakoa eta helmugakoa, gizarte eta komunitate bizitzako alfa eta omega. Bi horiek dira krisialdian daudenak, aldatu, definitu eta mutatzeko krisialdian; ez, ordea, eskalaren erdialdean dauden beste geldiune horiek, hauek oportunistek bizi ohi dituztenak izaki. Ez, benetako krisiak hiriari, bizikidetasunaren oinarrizko ereduari dagokio, irteerako puntua den horri. Aurrerago hitz egingo dugu horretaz. Baina, aurretik, helmugakoa dago, Lurrarena, globala dena, hori suntsitzen ari baikara, pixkanaka baina gogotik, hamarkada batzuetan lau glaziaziotan batera baino animalia eta landare espezie gehiago desagerrarazi baititugu. Eta hori egiten ari garen guztiaren adibide txiki bat baino ez da. Hori bai, gero batzuek ez dituzte ondorioak ikusi edo pairatu nahi. Baliabideak agortu arte ustiatzen ditugu, lehorteak eta uholdeak nonahi eragiten ditugu, baita Latinoamerikako arro aberatsean ere, behar ez diren azpiproduktuetan oinarritutako kontsumo ereduak ezartzen ditugu. Baina, gero, batzuk kexatu egiten dira globalizazioak eurak ukitzen dituenean eta hauek edo besteak beren atalondo edo kale berera bizitzera etortzen direnean. Produktuen eta ekonomiaren globalizazioa defendatzen dugu, baina ez pertsonena. Exotikoa dena ikustera joateko gustatzen zaigu, zooan bezala, baina ez zaigu gustatzen exotikoa dena gugana etortzea. Bakoitzak bere zinismo adibidea jar dezake. Hemen ere, ia guztian bezala, inork ezin du bere burua errugabetzat jo, inor ez baita zintzoa. Orain, bizitzaren irteerako puntuaz hitz egin behar dugu, alegia, hiriaz. Urtarrilaren 3an Basurtun (Bilbo) gertatutakoari buruz asko idatzi da. Eta halaxe egiten jarraituko da. Gertakariak Greziako tragedia baten osagai guztiak zituen: patua protagonistekin grinatzen da, neurriz kanpoko gertaerak daude eta horiek guztiei bizitzaren zentzua aldatzen die. Horregatik hunkitu gaitu. Inolako arrazoirik gabe, hainbaten bizitza eten egin delako. Bi haurrena, bi anai-arrebena, gertatutakoa ikusi zuten gurasoena. Baita 25 urteko gidari gaztearena ere; hori ere izan behar baitugu gogoan. Mutikoa besterik ez, ez zegoen edanda; beharbada oharkabetu egin zen, semafororik ez zegoelako. Hainbatetan eskatu zen semaforoa jartzeko, baina administrazioek, batzuek zein besteek, entzungor egin zieten biztanleei, haien politiken jasotzaileei, politika horiek zentzuzko bihurtzen dituztenei. Izan ere, esan dudan moduan, hiria jada eguneroko kalejira bezala da; bertan su eta gar egin behar da borroka bizirauteko, etxera itzultzeko, jatekoa lortzeko, haurrek jolastu ahal izateko, lekurik ez dagoela-eta ibilgailuren batek haiek azpian hartu gabe. Alferrikako ezbehar horrek honen guztiaren gainean hausnarrarazi behar digu. Gomendio erabilgarriak eta beharrezkoak egongo dira. Baina hiri eredua da huts egiten ari dena, jada integratzen ez duena, desintegratu baizik, tribalizatu egiten duena eta hiriaren zati bat gizarte edo arraza bazterkeriako ghetto bihurtzea egiten duena, duela zenbait egun Michael Maffesoli soziologoak Parisen gertatutakoaren ondotik zioen bezala. Eta horrexegatik ari da orain Erresuma Batuan Tony Blair hiriko gizalege eta hezkuntzaren balioak indartuko dituen bizikidetasun eredua proposatzen. Gehiago eman ezin dugula ohartu baitira. Edozein egunetan inguratzen gaituen zurrunbiloak guztiak, gu eta planeta, irentsi egingo gaitu, bizitzako erritmoa, exijentzia, kontsumo eta presio maila, txikiagotzeko gai ez bagara. Pentsa dezagun honetan guztian eta, beharbada, pazientzia apur batekin, guztiok aterako gara irabazten. Eta, gero, etor daitezela etorri behar duten neurri guztiak.

Julia Hernández Valles

Arartekoaren ondokoa