Familia bati estolderiagatik modu okerrean kobratutako zenbatekoak ordaindu dizkiote

Familia batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu du ez dagoelako ados Erandioko Udalaren jardun batekin. 2013ko urrian familia horrek estolderiagatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatu zuen, preskribatu gabeko ekitaldietan zehar, izan ere, Udal Sareak (Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak sortu duen sozietate anonimo publikoa, gune isolatuetan kokatuta dauden hobi septikoak garbitzen dituena) jakinarazi zienaren arabera, euren etxebizitzak ez zuen inolako estolderia zerbitzuez gozatzen.

Erandioko Udalari familia horrengan eragina izan zuen arazo zehatzari buruzko txostena eskatu genion eta azpimarratu genuen administrazioaren isiltasunak administratuei eragozpenak eragiten dizkiela. Halaber, gogora ekarri genuen administrazioak herritarrek aurkezten dituzten idazkiei erantzuna emateko betebeharra daukala, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko legean ezarritakoarekin bat eginez.

Erandioko Udalak, bere erantzunean, 2010eko ekitaldiari dagokion likidazioa deuseztatuko duela jakinarazi zigun, baita 2011ko, 2012ko eta 2013ko ekitaldiei lotuta modu bidegabean ordaindutako zenbatekoak itzuliko dituela eta hurrengo ekitaldietarako erroldan higiezin horri, estolderia-tasari dagokionez, baja emango diola ere.

Egiaztatu zen kexagileen izenean ageri zen garbiketa bakarra 2004ko apirilean egin zela eta Udal Sareak baieztatu zuen 2012. urtetik ez duela hobien garbiketa zerbitzua eskaintzen. Udalaren ebazpenean egiaztatu da etxebizitzaren inguruan ez dagoela estolderia-sare publikorik, ezta gune isolatuetan hobi septikoak garbitzeko zerbitzurik ere.

Hortaz, gure esku-hartzea amaitutzat joko dugu, Erandioko Udalak bere jarduna zuzentzeko beharrezkoak ziren neurriak hartu baititu.

Nolanahi ere, gure ustez, udalak ofizioz berrikusi beharko lituzke eremu horretan bertan kokatuta dauden higiezinen titularrei kontzeptu horrengatik igorri dizkien eta preskribatu ez diren likidazioak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 5a