Gaizki tratatutako haurrak Estatuko X. Biltzarra

Haurrenganako Tratu Txarrak Prebenitzeko Elkarteen Federazioa (HTTPEF) Gaizki Tratatutako Haurrei buruzko Estatuko X. Biltzarra egiten ari da egunotan, Sevillan. Bertan, Iñigo Lamarca arartekoa moderatzaile lanetan arituko da gaur honako izenburua duen lan-mahaian: "Praktika egokiak babes sisteman: adingabeen beharren eta sistemaren baliabideen artean".

Haurrenganako Tratu Txarrak Prebenitzeko Elkarteen Federazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta adingabeen eskubideak defendatzeari dagokionez sentikortasuna erakusten duten pertsonek eta elkarteek osatzen dute. Horiek beren ahaleginak bateratzen dituzte haurrei eta nerabeei tratu ona eman diezaieten sustatzeko.

Biltzar horretan aditu asko parte hartzen ari dira, eta helburuok lortu nahi dira:
- Espainian, gaur egun, haurren eskubideak zein egoeratan dauden baloratzea.
- Haurrei tratu ona ematea eta haurrak egoki tratatzea sustatzen diharduten sektoreen beharrak identifikatzea.
- Jendaurreko jardunaren alderdi guztietan haurren partaidetza bultzatzea.
- Haurren beharrak eta horiek artatzeko sektoreenak eguneratzea.
- Estatuan, autonomia erkidegoetan eta tokiko administrazioetan behar horiei erantzutea.
- Gaiarekin zerikusia duten eragile publikoen nahiz pribatuen partaidetza sustatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 4a