GAZTEEN AISIALDIRAKO LOKALAK

ARARTEKOAREN PROPOSAMENAK, ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZE EGOKIRAKO

Azken urteotan, aisialdi alternatiborako mugimendua zabaldu da Euskadin, gehienbat 15-29 urteko gazte-taldeen artean. Egoitza eraikietan dauden merkataritza lokalak gaitu eta gizarte eta aisialdi helburuetarako erabiltzean datza. Gazteen Euskal Behatokiak bere txostenean dakarrenez, adin horretako herritarren % 20k, gutxi gorabehera 62.000 gaztek, gazteentzako lokala edo lonja dute Euskadin. Errealitate hori sortu da gazte-taldeen artean gizarteratzeko eta elkartzeko gune alternatiboak behar direlako; izan ere, gazteek beti konpartitu izan dute denbora herri guneetan eta lokaletan.

Errealitate hori positiboa eta baketsua gertatu da kasurik gehienetan. Alabaina, oso gutxitan bada ere, arazoak dakartzate lokal horiek jabeen erkidegoaren barruan, gauez erabiltzen direlako, erabiltzaileek eragindako zaratagatik edo erabilera komuneko guneak hartzeagatik. Kezka sortzen duen beste kontu bat segurtasunaren eta osasungarritasunaren arloko egoera egokirik eza da lokaletako batean, aisialdirako birgaikuntza espezifikorik gabe.

Arazo gehiago dakartzaten aisialdiko beste lokal mota batzuen aldean (tabernak edo diskotekak, adibidez) gatazka gutxi sortzen dutela-eta, oso mugatua izan da administrazioak jarduera kontrolatzeko gauzatu duen esku-hartzea. Kasurik gehienetan, gazteria sailetik esku hartu dute tokiko administrazioek, gero eta zabalagoa den gizarte errealitatea tratatzeko, gazteengana hurbiltzeko eta fenomenoa ezagutzeko. Udal esku-hartzearen proposamenei esker, hobetu egin dira lokalen bizigarritasun eta segurtasun baldintzak, eta higiezineko auzokideen arteko elkarguneak erraztu dituzte. Soilik kasu zehatzetan eta auzokideek aurkezturiko etengabeko salaketen aurrean esku hartu dute udalek ingurumen diziplinarako sailetik, arazo gehien sortzen dituzten lokalak kontrolatzeko.

Hala eta guztiz ere, azken bolada honetan ikaragarri handitu da lokal horien kopurua, eta gaiari buruzko administrazio kontrol argirik ez dagoenez gero, ingurumen gatazka gehiago sortzen ari dira, gehienbat jarduerak gauez sortzen duen zaratagatik. Era berean, gorabehera nabarmenak izan dira, lokalen baten segurtasun egoera txarrak eraginda. Ondorioz, suteak izan dira eta, kasu zehatz batean, erabiltzaileetako baten heriotza gertatu da.

Arartekoak jaso dituen erreklamazioen kopuru handiagoa da gatazkak areagotu izanaren isla. Izan ere, lokalen erabilera salatzen duten erreklamazio gehienak zarata arazoak dira, baita udalak jarduera horiek kontrolatzeko duen erantzunik eza ere. Neurri txikiagoan, lokaletako zenbait erabiltzailek lokal berriak zabaltzeko dauden administrazio trabak azaldu dizkigute, baita araudia ez betetzegatik hartutako zigor neurriekin bat ez datozela ere.

Jakin badakigu fenomeno nahikoa berria dela eta gizarte eta udal mailako esku-hartzerako hainbat arloren azterketa behar dela. Iritzi horretan, eragina dute koordinatu beharreko politika publikoek, betiere aisialdi jardun berriok jarduerotarako behar den segurtasun eskakizunekin bateratu ahal izateko eta, bestela ezin izan daitekeen moduan, gainerako herritarrek atsedenerako duten eskubidearekin.

Hori lortzen lagungarria izateko, oinarrien dokumentu bat aurkeztu dugu, gazteen lokalei buruzko gogoetarako, Arartekoak azken urteetan eginiko jarduerak abiapuntu hartuta. EAEko hainbat udalekin izandako lankidetza lanaren emaitza da Eudelekin antolaturiko lan jardunaldia ere, non gai honetan udalek dituzten jardun modu ezberdinak entzun ahal izan ditugun. Zenbait proposamen edo gomendio ezartzea da helburua, herri administrazioek bateratsu jardun dezaten bi premisaren baitan: ingurumenean eragina izan dezaketen jarduerak arautzeko eremua betetzea eta gazteen lokal egokiak, seguruak eta gizarteratuak errazteko, gero eta hedatuagoa den fenomeno horretan parte hartzen duten gainerako eragileekin.

Ondorio gisa, zenbait neurri proposatuko ditugu, gazteentzako aisialdi lokalak irekitzeagatik antzemandako arazoei erantzun egokia emateko baliagarriak izan daitezkeenak. Besteak beste:

· Gazteen lokalen udal ikuskaritzako plana
· Udalek esku hartzeko eta ingurumenerako kontrol programa gehitu beharko dute
· Exijituriko zuzenketa neurriak betetzeko ondorengo kontrolean esku hartu beharko dute
· Udal araudia udal ordenantzaren bidez
· Eudelek udal jardun onak ezagutaraztea

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 25a


Lotutako dokumentazioa

GAZTEEN AISIALDIRAKO LOKALEI BURUZKO GOGOETARAKO OINARRIEN DOKUMENTUA