Gipuzkoako Foru Aldundiak Arartekoaren gomendioa onartu du, Bidegik arautu dezan A-636 bidearen kanon ordaindu gabea borondatezko aldian ordaintzeko errekerimendu-prozedura

Era berean, kanal-aniztasunaren eta hurbiltasunaren printzipioak betetzen dituzten ordainbideak ezartzea onartu du, neurrigabeko kargarik eragin gabe

Arartekoak izapidetu zuen kexa batean, herritar bat ez zegoen ados Bidegik zor bat ordaintzeko ezarri zuen moduarekin. Foru-merkataritza sozietate horrek esleituta dauka bidesaria duen A-636 bideko kanonaren kudeaketa, ordainarazpena eta ustiapena.

Oraindik orain, Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari gomendatu zion arautu zezala diru-bilketako prozedura, herritarrek jakin dezaten, besteak beste, zeintzuk diren beren eskubideak eta betebeharrak, epeak eta ordainbideak, administrazioarekin harremanak izateko bidea aukeratzearen eta hurbiltasunaren printzipioetan oinarrituta.

Departamentu horrek Arartekoari jakinarazi dio tresna bat lantzen ari dela, A-636 autobia erabiltzeko kanonaren foru-erregulazioa osatzeko, ordainketaren tramitazioa azpiegitura erabili ondorengo bi hilabetean garatzeko eta, gaur egungoez gain, beste ordainbide batzuk kontuan hartzeko. Erregulazio hori 2024an barrena erabilgarri egotea aurreikusi da.

Gainera, administrazio horrek Arartekoari adierazi dionez, apirilaren 10etik aurrera jada “Nire ordainketa” ordainketa-pasabidearen bitartez egin daitezke paguak, banku-erakundeen kontu korronte bat erabilita, Bidegiren web-orrian alta hartu gabe eta banku-txartelik erabili gabe.

Orobat, departamentu horrek azaldu du datorren abuzturako eskuragarri izatea espero duela “ordainketa-gutuna”ren bidez pagatzeko sistema. Hori web orritik deskargatu ahal izango da, edo posta elektronikoz edo postaz jaso, zor bat edozein banku-sukurtsaletan ordaindu ahal izateko.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 15a