Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuak onartu egingo ditu erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkeztutako eskaerak

Departamentu horrek Arartekoaren gomendioa onartu du eta, era berean, beharrezko neurriak hartuko ditu administrazio-tramitazioa eta beste erakunde publiko batzuekiko koordinazioa bitarteko elektronikoez egiteko

Kexagileak, bere aitaren ordezkari gisa, desgaitasuna eta mendekotasuna baloratzeko eskaerak egin zituen, eta beharrezko formularioak eta agiriak erantsi zituen, aldundiak informatzeko duen web orrian adierazitako tramitazio-baldintzak betetzeko.

Bi eskaerak ezetsi egin zituzten, administrazioaren esanean, kasu batean ez zelako bide egokia erabili, eta bestean, ez zekitelako eskaera zein organorentzako zen, edo, bestela, erregistroen arteko konexio-sisteman sartuta ez zeuden administrazioak zirelako.

Arartekoak foru-administrazio horri gomendatu zion onar zitzala kexagileak erregistro elektroniko orokorraren bitartez egindako eskaerak, eta ez zitzala ezarri zuzenbidearekin bat ez zetozen ukapen-arrazoiak.

Horrez gain, eskatu zion teknologia-bitartekoak jar zitzala administrazio-prozedura elektronikoak aurrez aurre hasitakoen ondorio berberekin izapidetzeko, eta, elkarreragingarritasun printzipioaren arabera, neurri teknologiko eta juridikoak gara zitezela, beste administrazio eskudun batzuei espedienteak bidaltzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arartekoari jakinarazi dio gomendioa onetsi duela eta erregistro elektronikoaren bidez egindako eskaerak onartuko dituela, indarreko araudiarekin bat etorriz. Era berean, azaldu du bere informatika-zerbitzuei programa bat gara dezaten eskatu diela, aukera hori gauzatzeko. Azkenik, hauxe adierazi du: “haren agendan [Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuarenean] arreta pertsonalizatzea aurreikusten du, eta, ondorioz, haren komunikazio digitala, beste erronka telematiko eta elkarreragingarritasun-erronka batzuen artean”.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 29a