"Giza eskubideak: Aurrera ala atzera goaz?". Eragin elkarteak antolatutako arartekoaren hitzaldia

ERAGIN kultura-elkarteak antolatuta, "Giza eskubideak: aurrera ala atzera goaz?" izenburuko hitzaldia emango du gaur, 17:00etan, Iñigo Lamarca arartekoak, Donostiako Kutxaren Arrupe aretoan.

Hain zuzen ere asteartean hilak 10 ospatu zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren urtemuga. Giza eskubideak, demokrazien funtsezko zutabe izaki, bizirik dagoen errealitatea dira, eta horien iraunaldia eta indarra oso lotuta daude giza eskubideen babes-sistemekin eta eskubide horiek gauzatu eta gozatuko direla bermatzeko jartzen diren baliabideekin, hori guztia gizarte-testuinguru aldakorren eta azaleratzen ari diren premien esparruan. Horrela bada, giza eskubideak etengabeko eraikuntza-prozesuan egoten dira. Beraz, aurrera ala atzera egin dezakete. Arartekoak, bere mintzaldian, bereziki nabarmenduko ditu eskubide sozialak eta adin handikoen eskubideak.

Ekitaldi hori ERAGINek antolatutako jardueren barruan burutuko da. Emakumeen elkartea da hori, orain 40 urte baino gehiago sortua, eta 120tik gora emakume dauzka jardunean, hitzaldiak emanez, zine forum, musika-entzunaldi, ibilaldi eta abarren bitartez.


Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 12a