Giza Eskubideen Egunaren aldarrikapena ospatzen da

Giza Eskubideen Egunaren aldarrikapena dela-eta, Sant Cugat del Valléseko Síndic de Greugesek antolatutako bazkari-solasaldi batean parte hartuko du gaur Iñigo Lamarca arartekoak.

Arartekoarekin batera, ekitaldi horretan esku hartuko dute herri horretako alkateak, San Cugateko udaletxean ordezkariak dituzten alderdi politikoen bozeramaileek, Terrassa eta Sabadelleko sindikoek eta hedabide batzuetako ordezkariek. Solasaldiaren aurretik emango duen hitzaldian, krisi garai honetan eskubide sozialak babesteaz hitz egingo du arartekoak.

Politika publikoak diseinatzean, giza eskubideak funtsezko erreferentzia-gunetzat hartu behar direla aldeztuko du arartekoak. Krisi garaian batik bat, administrazioek bere gain hartu behar dute eskubide guztiak errespetatu, babestu eta betetzeko erantzukizuna, nagusiki eskubide sozioekonomikoak, hala nola osasuna, hezkuntza eta etxebizitza. Eskubideok pixkanaka gauzatu behar dira, baina beraien funtsezko edukiaren gutxienezko maila ziurtatuz. Eskubideak bereizkeriarik egin gabe bermatu behar dira, talderik ahulenei arreta berezia eskainiz. Botere publikoek ere estandar gorenak ezarri behar dituzte gardentasunean, kontuak ematean eta herritarren partaidetza eraginkorra sustatzean, eta politika publikoek eskubide sozialetan duten eragina ebaluatu behar dute.


Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 11