GIZABANAKOARI ESKUBIDEAK ETETEA TERRORISMO KASUETAN: ARRETA BEREZIA ATXILOALDI INKOMUNIKATUARI

Arartekoak sustaturiko eta Izaskun Orbegozo, Ana Isabel Pérez eta Laura Pegok egindako ikerlana

Lan hau Ararteko erakundeak ematen dituen ikerketa aplikatuko beka baten emaitza da. Giza Eskubideak errespetatzeko kulturan sakontzen laguntzeko gogoetagaiak ematea da beka horien helburua.

Ikerlan honetan, datu objektiboez eta zehaztasun akademikoz aztertu da irudi eztabaidatu bat -atxiloaldi inkomunikatua- egiaz nola aplikatzen den; irudi horretaz baliatuz, aparteko kasu batzuetan, legeak baimendu egiten du askatasunik gabeko pertsonak atxiloaldian dituen eskubideetako batzuk murriztea. Atxiloaldi inkomunikatua beste arrazoi batengatik ere bada eztabaidagarria: opakotasun-eremuak sortzea erraztu dezakeelako eta opakotasun-eremu horiek objektiboki zaildu egiten dutelako tortura eta tratu txarrak prebenitzeko tresna eraginkorrak jartzea eta, salaketak baldin badaude, haiek ikertzea.

Nazioarteko hainbat erakundek (Europako Kontseiluaren Tortura Prebenitzeko Batzordeak, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak edo Amnistia Internazionalak) beren kezka eta iritzia agertu dituzte.

Arartekoak ere kezka hori adierazi du (2004ko abenduaren 21ean Torturari buruz egindako Adierazpena). Komunikaziorik gabeko atxiloaldiari buruzko eztabaidan, apriorismoak bazter utzi beharko lirateke; horregatik, behin eta berriz adierazten dugu Giza Eskubideen etika ezin dela erlatibizatu, baizik eta giza eskubide bakoitza berariaz eta banaka errespetatu eta babestu behar dela.

Atxiloaldi inkomunikatuari buruzko eztabaidak lasaia izan behar du, aurreiritzirik gabea eta esperientzia praktikoan oinarritutakoa, eta horretan laguntzen du, gure ustez, hemen aurkezten ari garen azterlan honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 5a


Lotutako dokumentazioa

GIZABANAKOARI ESKUBIDEAK ETETEA TERRORISMO KASUETAN: ARRETA BEREZIA ATXILOALDI INKOMUNIKATUARI