“Gure ahotsa” haur eta nerabeen topaketa

Hil honen 27an eta 28an Arartekoak “Gure ahotsa” haur eta nerabeen lehen topaketa antolatu du Bilbon. Bertan, 14 eta 17 urte bitarteko 17 neska-mutilek parte hartuko dute, Estatuko zazpi erkidegotatik etorritakoek: Andaluzia, Aragoi, Kanariak, Katalunia, Valentzia, Euskadi eta Nafarroa. 

Topaketa hori Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVI. Jardunaldien aurretik egingo da, zeinetan aurten babesgabetasun arriskuan dauden haur eta nerabeen gaia jorratuko baita. Helburua hauxe da: haurrei eta nerabeei eztabaidagaiaren inguruan parte hartzeko gune bat ahalbidetzea, haien ahotsa eta iritziak jasotzea eta horiek koordinazio jardunaldien hausnarketa- eta eztabaida-prozesu orokorrean sartzea.

Horretarako, parte hartzen duten umeak beraien bizipenetan oinarrituko dira, eta haur eta nerabeek erabat garatzeko zer behar duten hausnartuko dute. Beraien lehen gogoetak Agintzari erakundeak lagundutako gazte batzuen zuzeneko testigantzekin aberastuko dira; haiek beren esperientzia kontatuko dute, umetan babesgabetasun-egoerak bizi izan baitzituzten. 

Orobat, Rafael Benito psikiatra, psikoterapeuta eta EHUko irakaslearen eskutik, neurozientziaren ikuspuntutik ikuspegi kualifikatua entzun ahal izango dugu babesgabetasunak berori nozitzen duten pertsonengan duen eraginari buruz. Era berean, haur eta nerabeen eskubideez hausnartuko dute, zehazki, babesik gabeko pertsonentzat arriskuan dauden eskubideez.

Parte-hartzaileek iradokizunak eta ekarpenak egingo dituzte, defentsa-erakundeei gai honen gainean oro har hausnartzen laguntzeko: nola hobetu daitekeen babesteko gizarte-zerbitzuen sistemak ematen duen arreta, arrisku-egoerei erantzuteko. 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 27a