HASI DIRA "POLITIKA PUBLIKOEN ERRONKAK DEMOKRAZIA AURRERATU BATEAN" IZENBURUKO ARARTEKOAREN JARDUNALDIAK

Bilboko alkate Iñaki Azkunak eta Iñigo Lamarca arartekoak hasi dituzte gaur goizean "Politika publikoen erronkak demokrazia aurreratu batean" izenburuko jardunaldiak, erakundearen 20. urteurrena ospatzeko antolatu direnak.

Hasierako ekitaldiaren ondoren, Javier de Lucas CEARreko presidenteak (Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea da hori) inmigrazioari eta asiloari dagozkion politika publikoez egin du gogoeta. Horren haritik, zera adierazi du: "demokrazia aurreratuak ahulenei beren eskubideak bermatzeko ahalmena du bereizgarri". Gainera, hauxe zehaztu du: "ez zaizkie bermatu behar eskubideak lurralde jakin batean herritar maila dutenei bakarrik, baizik eta nazio-lurralde horretan dauden pertsona guztiei". CEARreko presidentearen iritziz, "krisiarekin arrazoitzea saihesten da, gutxienez eztabaidatuak izan beharko luketen politika publiko murrizgarriak justifikatzeko asmoz". Ondoren, María Jesús Arandak −Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko aholkularia eta Nafarroako ararteko ohia da bera− emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko hitzaldi bat eman du, eta Carlos Ponte, Osasun Publikoa Babesteko Elkarteen Federazioko presidentea, osasun publikoko ikuspegi berriez mintzatu da.

Bihar, asteazkena, Bake Kulturarako Fundazioaren presidente eta UNESCOko zuzendari nagusi ohiak, Federico Mayor Zaragozak, honako gai hau izango du hizpide: giza eskubideak babesteko sistemak nazioartean.

Bilbo, 2009ko maiatzaren 19a