Haurrek eta nerabeek ingurumen garbi, osasuntsu eta jasangarria izateko duten eskubidearen berrespen historikoa Nazio Batuetan

2023ko abuztuan Nazio Batuetako Haurren Eskubideen Batzordeak haurren eskubideei eta ingurumenari buruzko 26. Ohar Orokorra argitaratu zuen, arreta berezia klima-aldaketan jarriz (umeentzako gaztelaniazko bertsioa dago). Mundu osoan gertatzen ari diren umeen eta nerabeen mugimenduek eragin dute arreta ingurumen-krisialdi honetara erakartzeko testu historikoa. Testuak berariaz jorratzen du larrialdi klimatikoak, biodibertsitatearen kolapsoak eta kutsadura orokortuak haurren bizitzan eta bizi-aurreikuspenetan duten eragina eta, aldi berean, haurrek eta nerabeek ingurumen garbi, osasuntsu eta jasangarria izateko duten eskubidea berresten du, eta ingurumen-kalteen eta klima-aldaketaren aurrean Estatuek dituzten betebeharrak zehazten ditu.

26. Ohar Orokorra egiteko prozesua oso parte-hartzailea izan da. Gaian adituak diren pertsonen eta Estatuen ohiko ekarpenez gain protagonismoa handia izan dute nesken, mutilen eta nerabeen ekarpenek. Ohar Orokorraren lehen urratsak Haurren Eskubideen Batzordeak umeen eskubideei eta ingurumenari buruz 2016an egin zuen eztabaida orokorrean gauzatu ziren eta 2023an argitaratu den arte Batzordeak kontsulta-prozesu zabala egin du. Prozesu horretan zehar Batzordeak inkestak eta talde fokalak eta aurrez aurreko bilerak egin ditu 121 herrialdetako 16.331 adingaberen ekarpenak biltzeko.

Ukaezinak dira 26. Ohar Orokorraren garrantzi juridikoa eta irismen luzea. Dokumentuak adierazten  du Estatuek adingabeen eskubideak babestu behar dituztela berehalako ingurumen-kalteen aurrean, bai eta Estatuek gaur egun egiten dituzten ekintzen edo ez-egiteen ondorioz etorkizunean gertatuko diren eskubide-urraketen aurrean ere. Ildo betetik, Batzordeak legegintza- eta administrazio-arloko gomendio batzuk jasotzen ditu, Estatuek premiaz aplikatu beharrekoak planetaren krisi hirukoitzaren (larrialdi klimatikoa, biodibertsitatearen kolapsoa eta kutsadura orokortua) ondorio kaltegarriak kontuan hartuta, ingurumen garbi, osasuntsu eta iraunkorra bermatzeko, etorkizuneko belaunaldientzat ere zaindu behar direla ahaztu gabe.

Horrekin guztiarekin Batzordeak adingabeek ingurumenaren arloan dituzten eskubideak baliatzeko dituzten oztopoei buruzko kontzientzia hartzen du. Bereziki, sistema judizialari dagokionez, adingabeen beharrezko gaitasun juridikorik ezak eragindako oztopoak nabarmentzen dira. Horregatik Estatuei eskatzen die mekanismo egokiak eta eskuragarriak eman ditzatela eragin diezaieketen legeriari, politikei eta proiektuei buruz erregulartasunez eta ingurumen-erabakiak hartzeko prozesuen fase guztietan haurrei eta nerabeei kontsulta egin diezaieten. Gainera Estatuek justiziara jotzeko bideak eman behar dizkiete adingabeei, genero-arazoak eta desgaitasuna kontuan hartuta, dela prozesu judizialetan, dela kuasijudizialetan, dela estrajudizialetan. Batzordeak nabarmentzen du oso garrantzitsua dela umeek eta nerabeek eskubideen defendatzaileen aurrean kexak aurkezteko aukera izatea.

Arartekoak, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak Eusko Legebiltzarrari 2022an egindako urteko txostenak ezartzen duenarekin bat, 26. Ohar Orokorra egiteko prozesuaren berri izan du. Ildo horretatik azpimarratu behar da Oharraren aurrerabidearen berri eman duten topaketetan parte hartu duela, kontsulta-aldietan parte hartzeko deien berri eman duela eta ekarpenak egin dituela horretarako antolatutako bideak erabiliz. Kontsulten eta ekarpenen testuinguru honetan kokatu zen, halaber, gizarte zibilarekin topaketetan parte hartzea. Bilera horien artean dago, besteak beste, Haurren Erakundeen Plataformak "Haurtzaroa eta krisi klimatikoa" gaiari buruz sustatutakoa.

Horrez gain, 2022an, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak ENYA FORUMa (European Network of Young Advisors) egin zuen Bilbon, Europako 17 eskualdetako 34 neraberen parte hartzearekin, ENOC Haurren Defendatzaileen Europako Sarearen haurren eskubideei eta klima-justiziari buruzko hausnarketa-prozesuaren zati gisa. FORUMak agintari publikoei zuzendutako hainbat gomendiorekin amaitu zuen. Gomendio horiek ENOCen adierazpen instituzionalean islatu ziren, eta Haurren Eskubideen Batzordeari ere helarazi zitzaion. Egindako lana aprobetxatuz, Arartekoak haurren eskubideei eta klima-justiziari buruzko erreportaje bat egin zuen, LUR KOLOREA izenekoa. Bertan, belaunaldien arteko eta haurren ikuspegitik krisi klimatikoari buruzko hausnarketak jasotzen ditugu.