HERRIAREN DEFENDATZAILEEN ADIERAZPENA, EUROPAN BIZI DEN ERREFUXIATUEN KRISIAREN AURREAN

Espainiako Herriaren defendatzaileak eta autonomia erkidegoetako bederatzi defendatzaileek honako adierazpen hau sinatu dute gaur:

Aspalditxotik, gerrak, goseak, intolerantziak eta elkartasunik ezak dakarren zorigaitzaren zuzeneko lekukoa izaten ari da Europa. Pairamen horiek gure mugak etsi-etsian gainditzen ahalegintzen diren pertsonengan ikusten dira, baita beraien itxaropenak bidean barrena utzi zituztenen gorpuetan ere.

Egoera hori, gainditu beharrean, guztiz gaizkitu egin da, zenbait gatazka beliko hasi direlako. Gatazka horiek sortu dute jada II. Mundu Gerratik Europak bizi izan duen errefuxiatuen krisirik handientzat jotzen dena.

Gauzak horrela, azpian sinatu dugun herriaren defendatzaileok ezin gara zirkinik egin gabe geratu ehunka milaka pertsonaren giza eskubideen kontra burutzen ari den atentatu horren aurrean. Horregatik, beharrezkoa eta gure betebeharra iruditzen zaigu:

1. Talde horiei gure elkartasuna eta konpromiso irmoa adieraztea, gure erakundeak beraien zerbitzura jarriz eta eskainiz, bide eragingarriak izan daitezen beraien eskubideak defendatzeko eta harrera egokia egingo dietela bermatzeko, batez ere adingabeei.

2. Oso-osorik berrestea Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Europako errefuxiatuen krisiaz egindako adierazpena. Horrela, bat egiten dugu nazioarteko erakunde horrek egindako deiarekin.

3. Europako eta Espainiako agintariei Europar Batasunaren Hitzarmenaren 3.5 eta 21. artikuluetan bildutako xedapenak gogoraraztea, Europar Batasunak munduko gainontzeko herrialdeekin dituen harremanei buruz eta nazioartean burutzen duen jarduerari buruz, horietan definitzen baitira politika eta ekintza komunetan oinarritzat hartu behar diren printzipioak, besteak beste, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna sustatzea, pertsonaren duintasuna errespetatzea, berdintasun eta elkartasun printzipioak eta Nazio Batuen Gutuneko eta nazioarteko Zuzenbideko printzipioak errespetatzea.

Era berean, Europar Batasunak bere gain hartu dituen konpromisoak gogoraraztea: bakea iraunaraztea, gatazkak prebenitzea eta nazioarteko segurtasuna sendotzea helburu duten politika komunak zehaztu eta gauzatzea; lankidetza aldeaniztun sendoan eta mundu-gobernantza egokian oinarrituriko nazioarteko sistema bat bultzatzea; eta hondamen naturalei edo pertsonek sortutakoei aurre egin behar dieten biztanleriei, herrialdeei eta eskualdeei laguntzea.

Horrek guztiak xede jakin bat du: errefuxiatuek egindako eskaerei erantzutea, nagusiki Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 14. artikuluan eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 18. artikuluan ezarritakoaren babesean egin diren asilo-eskaerei.

4. Espainiako Gobernuari, autonomia erkidegoetako gobernuei eta toki erakundeei eskaera bat egitea, ahalik eta azkarren

¿ Konpromisorik eta elkartasunik handienak bere gain har ditzaten, gerratik eta intolerantziatik ihesi datozen pertsonak berme osoz hartzeko.

¿ Beraien artean, nazioarteko eta Europako erakundeekin eta herritarren elkarte eta taldeekin koordina ditzaten pertsona horien egoera larria arintzeko abiarazi behar diren aparteko ekintzak, jarduera komun guztiz eragingarriak ahalbidetuz.

¿ Nazioarteko eta Europako erakundeei nahiz beste Estatu batzuei eska diezaietela politika komunak gara ditzatela berehala, errefuxiatuen jatorrizko Estatuetan sortzen diren arazoak eragingarritasunez konpontzen laguntzeko, arazo horiexek eragin baitute migrazio-krisia.

5. Eskerrik onena erakuts diezaietela gizarteko hainbat sektoretan gauzatzen ari diren elkartasunezko ekimen ugariei, eta, aldi berean, animatu ditzatela gizarte osoa oro har eta enpresa-taldeak eta baliabiderik gehienak dituztenak bereziki, ahal duten neurrian, era koordinatuan lagundu dezaten herritarren talde horiek dituzten behar izugarri eta presakoak asetzen, batik bat ostatu, osasun eta elikadura arloetan.

Santander, 2015eko irailaren 17a