Herriaren Defendatzaileen Adierazpena, Mediterraneoko etorkinen heriotzen gainean

Apirilaren 18an Mediterraneoan izan zen ontzi-hondoratzeak eta etsi-etsian europar lurraldera iristen ahalegintzen ari ziren ehunka pertsonaren heriotzek agerian jarri dute, beste behin ere, berria ez den eta, zoritxarrez, konponerraza ez dirudien gai bat.

Pertsona horien heriotzak ezinbestez hunkitu behar gaitu, agerikoa baita etsipenak sortu duela eta, horren ondorioz, beraien herrialdeetan utzi zutena baino bizimodu hobearen bila dabiltzala; eta tratu ankerra jasan baitute garraiatzen zituen ontzian.

Giza eskubideen defendatzaileek adierazi behar dugu bizitzeko eskubidearen printzipioaren urratze argia dela. Eta eskatzen dugu Europar Batasunak pertsona horien jatorrizko herrialdeekin lan egin dezala, legez kanpoko ontzien jarduera galarazteko; etorkinei laguntzen askoz gehiago parte har dezala eta haien jaioterrietan bizi-baldintzak hobetzeko baliabideak aurki ditzala, immigrazioa ez dadin izan bizirik irauteko modu bakarra.


Asteazkena, 2015ko apirilaren 22a