Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVIII. Jardunaldiak

Espainian nola ezartzen den Ezgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Ituna

Iñigo Lamarca arartekoak, erakundeko ordezkari batzuekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVIII. Jardunaldietan parte hartu du, Lanzaroten.

Foro horrek urtero biltzen ditu autonomia erkidegoetako defendatzaileak eta Espainiako defentsa-erakundea, honako xede hau lortzeko: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien jarduera eta helburuekin zerikusia duten alderdiez eztabaidatzea, baita gai eta arazo komunak jorratzea ere.

Oraingo edizio honetan, Ezgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Ituna Espainian nola ezartzen den analizatu dute herriaren defendatzaileek. Halaber, urtean barrena egindako prestakuntza-lantegietan ateratako ondorioak aztertuko dituzte.

Aurretiazko lan horretan, hainbat gai landu dira: Espainiako eta autonomia erkidegoetako legeria nola egokitzen den Ezgaituen Eskubideei buruzko Hitzarmenera; enplegua eta zerga sistema; irisgarritasuna eta oztopo fisikoak eta komunikaziozkoak kentzea.

Jardunaldiok hiru gai nagusiren inguruan egituratu dira eta gai bakoitza dagokion lan-mahaian jorratu da. Lehenbizikoan, ezgaituen egoeraz mintzatu dira, ezgaituak legearen aurrean aintzatespen bera izateaz, eta gaitasun juridikoaren irudiaz; horiez gain, beste alderdi batzuk ere izan dira hizpide: osasunerako eskubidea, sendagaiak doakoak izatea eta Osasun Sistema Nazionalaren beste prestazio eta laguntza batzuetarako sarbidea.

Bigarren lan-mahaian, eztabaida-gai izan dituzte hezkuntza inklusiboa, gaikuntza eta errehabilitazioa, bizi-maila egokia eta gizarte-babesa. Hirugarrenean, berriz, batez ere irisgarritasunean eta unibertsitateko irakaskuntzen diseinu unibertsalean jarri da arreta, baita ere 2010-2020 aldirako Ezgaitasunaren gaineko Europako Estrategian.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 31