Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldiak

Zaratak etxebizitzan sartzea: etxebizitzaren bortxaezintasuna eta osotasun fisiko eta psikologikorako eskubidea

Erkidegoetako Herriaren Defendatzaileek eta Espainiako Herriaren Defendatzaileak Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldiak egin dituzte Iruñean. Bertan, ikuspuntu ezberdinetatik aztertu dute hots-kutsadurak bizi kalitatean duen eragina.

Gizakien jardunetik sortutako zarata ohikoa da aisialdiko inguruetan eta egunerokotasunean egiten ditugun jardueretan. Zarata horrek, gehiegizkoa denean, bizi kalitateari modu negatiboan eragiten dio eta ingurumena kaltetzen du.

Jendartean sortzen duen egonezina gizarte-gatazken iturri izan da eta horren ondorioz, erreklamazio eta kexa ugari ekarri ditu Herriaren Defendatzaileetara. Aurkeztutako kexen inguruko gomendioekin batera, gai horri dagokionez txosten berezi ugari egin izan dira. Herrien defendatzaileen jarduera horiek zarataren aurkako gizarte-kultura bat sortzen lagundu dute, poliki-poliki, botere publikoen artean hedatzen doana, pertsona guztiek hots-kutsadurarik gabeko etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidea aitortzeko bidean.

Herrien defendatzaileek jakin badakite hots-kutsadurak herritarren bizi-kalitateari eragiten diola eta horregatik, eragin horrek urra ditzakeen eskubide konstituzionalak benetan eta modu eraginkorrean bermatzeko beharrezko neurriak hartzea sustatu nahi izan dute.

Neurri horiek botere publikoei igorriko dieten dekalogo batean bildu dituzte. Bertan, herriaren defendatzaileek konpromisoa hartu dute haien esku dauden jarduerak egiteko herritarrek zaratarik gabeko etxebizitza batean bizitzeko duen eskubidea eraginkortasunez bete dadin.


Gasteiz, 2016ko irailaren 23a


Lotutako dokumentazioa

Dekalogoa