Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldiak

Zaratak etxebizitzan sartzea: etxebizitzaren bortxaezintasuna eta osotasun fisiko eta psikologikorako eskubidea

Manuel Lezertua arartekoa, erakundeko beste ordezkari batzuekin batera, parte hartzen ari da egun hauetan Iruñean egiten ari diren Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. jardunaldietan.

Bilkura horretan bizipenak elkartrukatuko dituzte eta hots-kutsadurak bizi kalitatean nola eragiten duen aztertuko dute.

Nafarroako Parlamentuan jardunaldiei hasiera eman ostean, egunean zehar hainbat hitzaldi egongo dira, hots-kutsadura ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko dutenak. Adituen artean Antonio Vercher dago, Auzitegi Goreneko Ingurumenerako Fiskal Berezia, eta bere aurkezpena Manuel Lezertua arartekoak egingo du.

Gizakien jardunetik sortutako zarata ohiko a da aisialdiko inguruetan eta egunerokotasunean egiten ditugun jardueretan. Zarata horrek, gehiegizkoa denean, bizi kalitateari modu negatiboan eragiten dio eta ingurugiroa kaltetzen du.

Jendartean sortzen duen egonezina gizarte-gatazken iturri izan da eta horren ondorioz, erreklamazio eta kexa ugari ekarri ditu Herriaren Defendatzaileetara. Aurkeztutako kexen inguruko gomendioekin batera, gai horri dagokionez txosten berezi ugari egin izan dira. Herrien defendatzaileen jarduera horiek zarataren aurkako gizarte-kultura bat sortzen lagundu dute, poliki-poliki, botere publikoen artean hedatzen doana, pertsona guztiek hots-kutsadurarik gabeko etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidea aitortzeko bidean.

Era berean, jardunaldietan parte hartuko dutenek urtean zehar egin diren prestakuntza tailerretatik ateratako ondorioak ere aztertuko dituzte, azken muturrean botere publikoei zuzenduko dizkieten gogoeta eta proposamenak sortzeko.


Gasteiz, 2016ko irailaren 22a