Hezkuntza Sailak adierazi du prest dagoela irakasleen ordezkapenetarako egungo kudeaketa-jarraibideak berriz aztertzeko, Arartekoak proposatu zuen moduan

Irakasleen ordezkapenetarako izangai batzuek esku hartzeko eskatu zioten Arartekoari, izan ere, lehengo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lehen hezkuntzako irakasleentzat homologatu zuen espezializazio-ikastaro bat gainditu ondoren, ez zieten onartu trebatu ziren espezialitateetan aritzeko eskaera 2013ko apirilean iragarritako urteko birmaremazio prozesuan.

Gure iritzian, azaroko ebazpen batean ondorioztatu genuenez, izangaien zerrenda kudeatzeko asmoz 2012ko abuztuan onartu ziren jarraibide berrietan, gaitzeko aldi baterako araubide bat ezarri behar zuten beraien prestakuntza 2010-2012 bitartean berritu zuten izangaientzat, azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuan erabilitakoaren antzeko edukiarekin. Dekretu horren bidez ezartzen dira Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan beren eginkizunak betetzen dituzten Maisu-Maistren Kidegoko irakasleen espezialitateak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututakoak.

Haatik, hala egin ez zenez gero, iruditu zitzaigun Langileen Kudeaketarako Zuzendaritzak bultzatu behar zuela aldaketa, 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak ematen dion ahalmena erabiliz. Aldaketa horren ondorioz, kasuan kasuko espezialitateetan aritzeko gaikuntza nahikotzat jo beharko lirateke agindu hori indarrean jarri baino lehen hasitako espezializazio-ikastaro homologatuak. Hezkuntza Saileko arduradunak prest agertu dira oraingo jarraibideak Arartekoak proposatutako moduan berriz aztertzeko.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 21a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2013ko azaroaren 26ko ebazpena. Horren bidez, bukatu du bere jarduera irakasleen ordezkapenetarako izangai batzuek egindako kexan (2279/2013/20 zenbakikoa). Lehengo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lehen hezkuntzako irakasleentzat homologatu zuen ikastaro bat gainditu ondoren, izangai horiei ukatu egin zaie pedagogia terapeutiko eta atzerriko hizkuntza-ingelesa espezialitateetan sartzeko egin zuten eskaera, 2013ko apirilean iragarritako urteko birmaremazio-prozesuan