Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna: Arartekoak berriro adierazten du eskoletan homofobia prebenitu beharra dagoela

2013ko maiatzaren 17a

Homofobiaren kontrako Nazioarteko Egunean, Arartekoak berriz adierazten du hezkuntza-eremuan aurreiritzi homofobo eta transfoboak prebenitu behar direla, eta horien kontra borrokatu behar dela. Eskoletan homofobia saihestea ezinbestekoa da edonori erabat libre sentitzeko eta bere sentimenduak adierazteko aukera emango dion gizartearen oinarriak finkatzeko.

Arartekoak Adingabekoei balioak transmititzea izenburuko txostenean (2009) egiaztatu zuenez, euskal eskola-umeen %15ek, gutxi gorabehera, ideia eta jarrera homofoboak dituzte, hau da, joera homosexualeko edo identitate transexualeko haur eta nerabeenganako arbuiozko jarrerak. Orduan, jazarpen- eta zirikatze-ekintzak burutzen dira adin txikiko horien kontra. Ekintza horien ondorioz, ez dira beharrezko baldintzak betetzen ume horiek behar bezala bermatuta izan ditzaten beren segurtasuna eta oinarrizko eskubide batzuk, hala nola duintasunerako, beren nortasuna aske garatzeko eta berdintasunerako eskubideak.

Europako eskoletan egiaz antzematen diren diskurtso homofoboen diagnostikoa egin dadin eta errealitate horri aurre egiteko beharrezko neurriak har daitezen, Arartekoa Rainbow Has Europako proiektua koordinatzen ari da (Rigths Through Alliances: Innovating and Networking Both Within Homes And Schools; "Eskubideak aliantzen bitartez: etxean eta eskolan berritzen eta sareak sortzen"); proiektu hori Europako Batzordearen Justiziako Zuzendaritza Nagusiak finantzatutakoa da. Haurrek eta nerabeek aniztasun sexualerako duten eskubidea hezkuntza arloan zer egoeratan dagoen aztertu nahi da, eta egoera hori hobetu. Rainbow Has proiektua 2013 eta 2014. urteetan barrena gauzatuko da eta Europako zortzi herrialdetako 13 erakunde parte hartzen ari dira bertan. Rainbow Has proiektua lehenagoko europar proiektu baten jarraipena da eta haren emaitzak oso harrera ona izaten ari dira Euskadiko hezkuntza-komunitatean.

Gaur goizean, Gehitu eta Errespetuz erakundeek txosten hau helarazi diote Arartekoari: "Acoso escolar y riesgo de suicidio por orientación sexual e identidad de género: fracaso del sistema educativo". Azterlan horrek agerian jarri du gazte asko, beren sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik, indarkeriaren eta jazarpenaren biktima izateak beren burua hiltzeko arrisku larria dakarrela gazte horien artean. Gehitu, Errespetuz eta Estatu osoko LGBTen eskubideak defendatzen dituzten erakunde batzuek hainbat gomendio helarazi dizkiote Arartekoari eta Estatuko gainontzeko defentsa-erakundeei.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 17a