Hontza zerbitzua irekitzeko baimena eman dezala gomendatu dio Ararteko andreak Bilboko udalari

Droga-menpekoak artatzeko Hontza zerbitzua lehenbailehen irekitzeko baimena eman dezala gomendatu dio Ararteko andreak Bilboko udalari. Zentro horretako jarduerak berriro abiarazteko pausoak eman ditzala eskatu dio, zerbitzu egokia bermatzeko bai zentroaren erabiltzaileei, bai inguruko auzoei ere.

Zamakola kaleko 9. zenbakiko auzokide elkarteak kexa jarri zuenetik, Arartekoaren ordezkariek informazioa eskatu eta hainbat bilera izan dituzte udalaren arduradunekin. Caritaseko ordezkariengandik ere informazioa jaso dute, instalazioak ikusi dituzte, eta zentroaren kokapena, lan proiektua eta irekita egon zen bitartean emandako zerbitzua aztertu.

Irekitzeko lizentziari dagokion espediente administratiboa aztertzerakoan, Ararteko andreak adierazi zuen auzokideei entzutea komeni zela, beren alegazioak formalki egin zitzaten.

Jasotako informazioaren arabera, Ararteko andreak uste du zerbitzua irekitzeko baimena eman behar duela udalak, arau urbanistikoa baita lizentzia ematerakoan udal administrazioak kontuan hartu behar duen araua.

Ararteko erakundea, Eusko Legebiltzarra edo beste erakunde batzuk bezala, beti agertu izan da droga-menpekoak artatzeko zerbitzu eta zentroen aldeko, eta horien sorrera ere bultzatu izan du.

Proiektu horiek kezka sortaraz dezakete zuzenean eragindako herritarrengan. Horregatik, Ararteko andrearen iritziz, erakundeen arduradunek bultzatu behar dituzte proiektuok, gizartean sentiberatasuna piztuz, gizarte ekimen solidarioak babestuz, baztertuak babesteaz gehien arduratzen diren gizarte-eragileekin lan eginez eta zerbitzuek behar bezala funtzionatuko dutela bermatuz.

Gainera, Bilbon drogaren menpe eta aterperik gabe dauden pertsonez ditugun datuek, baita Hontza zentroa irekita egon zen gauetako erabilera-datuek ere garbi erakusten dute zerbitzu hori premiazkoa dela eta, gainera, epe laburrean gehiago ere beharko direla.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko urriaren 15a