Inoiz gehiago ez

Poliziak botatako gomazko pilota baten talkak eragindako zauri larrien ondorioz Iñigo Cabacas hil eta gero, Arartekoak iritzi-artikulu batean jaso du Ertzaintzak istiluen aurkako materiala erabiltzeaz erakunde honek duen iritzia, eta lehenago egin zituen anitz gomendiori lotu zaio, polizi jarduerak zenbait irizpidetara egokitu daitezen, herritarren segurtasuna eta ordena publikoa mantentzea bateragarri egiteko eta, aldi berean, herritarren eskubideak zaintzeko.

Artikulu horretan, Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi duela iragarri du, jakin nahi baitu joan den apirilaren 5ean, Bilboko Athleticen eta Schalke 04ren arteko futbol partidaren ondoren, poliziak zein jarduera protokolo eta irizpide erabili zituen, eta ea horiek Arartekoak behin eta berriz egindako gomendioetara egokitu ziren ala ez.

Arartekoaren ustez, lehenbailehen azterlan bat egin beharra dago munduko poliziek baliatzen dituzten istiluen aurkako materialaz eta polizi jardueretarako protokoloez, pertsonen bizitza eta osotasun fisikoa arriskuan jarri gabe herritarren segurtasuna babesten duten herrialdeen aitzinean koka dadin Euskadi. Era berean, arartekoak erakundearen gomendioak arretaz aztertzeko eta aintzat hartzeko eskatu dio Herrizaingo Sailari.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 18a


Lotutako dokumentazioa

INOIZ GEHIAGO EZ - Iritzi artikulua