Isun bat kobratu diote familia-herentzia bidez lortutako eraikin baten jabekide bakoitzari

Zanbranako Udalak eraikinaren jabekide guztiei eskatutako diru-kopuruak itzuliko dizkie, eta hirigintza arloko agindu bat ez betetzeagatik ezarritako isun hertsatzaile baten ordainketa bakarra eskatuko du.

Familia bateko pertsona batzuek azaldu ziguten eraikin baten jabekide direla, familia-herentzia baten ondorioz.

Zanbranako Udalak isun hertsatzaile bat ipini zien, etxebizitza gisa erabiltzeagatik arau subsidiarioetan ezarritako baldintzen arabera hala erabiltzerik ez dagoen eraikin bat. Kexan azaldu zutenez, jabekideak eraikin hori hirigintza arloko legeriara egokitzeko bidean zeuden.

Arazoa zen isun hertsatzailea jabekide bakoitzari jakinarazi eta kobratu zitzaiola. Beraz, ez zeuden ados lehenbiziko isun hertsatzailearen balioa halako hamar ordaintzearekin.

Kexa aztertu ondoren, gomendio bat egin genion Zanbranako Udalari, isun hertsatzaile gisa bidali zituen bigarren kopurua eta hurrengoak itzul zitzan, izan ere, isun bakarra ordaindu beharra dago, eta isunari elkar hartuta erantzun behar diote jabekideek, Zuzenbideko arau orokorren arabera. Hala ere, jabekideren batek pagatzen badu, isuna ordainduta geratzen da.
Udalak jakinarazi digu bertan behera utziko duela erabaki hori, eta itzuli egingo dituela oker kobratutako kopuruak.


Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 29a