KONTSUMITZAILEEN ESKUBIDEAK

Europako herriaren defendatzaileak jasotzen dituen kexetatik %35ek gardentasunik ezarekin eta kontsumitzaileei ez informatzearekin dute zerikusia

Gaur, martxoak 15, kontsumitzaileen eskubideen eguna ospatzen da eta Ararteko erakundetik eskubideok diren bezala defenda daitezen eskatu nahi dugu: hau da, Konstituzioan babestutako eskubide bezala, ez eskubide instrumental edo bigarren belaunaldiko bezala, zuzenean lotuta baitaude berdintasunerako eta administrazio onerako eskubidearekin, eta Konstituzioaren 51. artikuluan bilduta baitaude: "Botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa bermatuko dute, eta, prozedura eragingarrien bidez, haien segurtasuna, osasuna eta interes ekonomiko legitimoak babestuko dituzte". Jada 1985eko apirilaren 9an, Kontsumitzaileak Babesteko NBEren Arauak onartu zituen Nazio Batuen Batzorde Orokorrak, eta eskubide-aldarrikapen hori nazioartean onetsita dago gaur egun.

Herritarren oinarrizko eta funtsezko eskubideak dira eta, askotan, herritarrak desberdintasun egoeran egon ohi dira zenbait zerbitzu (argindarra, ura, telefonoa, garraioa, teknologia, banketxe zerbitzuak, eta abar) eskaintzen dituzten enpresa pribatuen aurrean. Horregatik, zera gogorarazi behar da: nahiz eta zerbitzu publiko horiek herri-administrazioak ez eman eta pribatu bihurtu, ez dutela eskubide-galerarik ekarri behar, herritarren bizi-kalitatean eragina dute-eta.

Eskubide horiek eraginkortasunez baliatu ahal izateko, hainbat gai landu behar dira: informazioa, desberdintasun egoerak ekiditeko; prestakuntza, kontratuzko alderdiei buruz (herritarrak jakin behar du bere burua zertara behartzen duen); prozedura eraginkorrak, erreklamatu eta erantzukizuna eskatu ahal izateko, bai operadoreari, bai erakunde erregulatzaileari; eta ordezko mekanismoak, gatazkak konpontzeko.

Kontsumoarekin lotutako gaiak, normalean, eremu pribatuan gertatzen dira. Eremu horretan Arartekoak ez du jarduteko zuzeneko tresnarik, baina zeharkako mekanismoen bidez esku har dezake, herritarren eskubideak babes daitezen errazteko.

Horregatik, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuarekin batera egin beharreko lanaz gain, bi ekimen hasi ditugu:

- 2011n ikerketa-beka bat iragarri dugu gai honen gainean: EAEko erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideak, beraien defentsa-mekanismoak eta eskubideok exijitzeko eta betetzeko moduak, batez ere telekomunikazio, teknologia eta garraio zerbitzuei dagozkienak.

- EHUren datozen Uda Ikastaroetan, Donostian, 2012ko uztailaren 6an Jardunaldi bat egingo da Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideez eta enpresa pribatuek interes orokorreko zerbitzuak egiteaz.

Ekimen horien bitartez, "itxurazko gizartea" lortzeko lan egin nahi da, bertan pertsona guztien eskubideak babes daitezen, adierazten diren era guztietan, baita premia-premiazko ondasunen kontsumoaren arloan ere, oso beharrezkoa baita merkatuak geldirik dauden garai honetan, zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten erakunde pribatuek herritarrak makurraraztea eragozteko. Horretarako, zerbitzuak egiten dituzten enpresen portaerazko eta jarduera egokirako araudiak abiarazteari balioa eman nahi diogu, eta horien alde apustu egin. Enpresa asko dagoeneko araudiok abiarazten ari dira, autoerregulazio eta autokontrol eredu gisa, eta, horrek, gainera, beren interesei mesede egingo dielako ustean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 15a