KUDEAKETA AURRERATUAREKIN KONPROMISOA ERAKUSTEN DUEN DIPLOMA JASOKO DU ARARTEKOAK

Arartekoak 2014ko Bikaintasuna-Kudeaketa Aurreratuarekin Konpromisoa erakusten duten Diploma jasoko du gaur, Euskaliten eskutik. Eskatutako baldintzak bete dituzten 32 erakunderi emango die sari hori Iñigo Urkullu lehendakariak, Kudeaketa Kalitatearen Euskal Saria emateko ekitaldian.

Konpromiso diplomaren bitartez, bikaintasunerantz aurrera egiteko konpromisoa hartu duten euskal erakundeak ezagutzen dira. Duela bost urtetik hona, Arartekoak erakundearen gaineko 3 estrategia-hausnarketa garatu ditu, plan estrategikoa dauka, baita zerbitzu-karta ere. 2014. urtean erakundearen autoebaluazioa egin du, kudeaketa aurreratuaren ereduan oinarrituta; Euskalitek egindako kanpoko kontrastea gainditu du eta erakundearen erabiltzaileen, bertako langileen eta bere ardurako taldeen iritziak ebaluatzeko sistemak ditu. Gainera, Euskalitek bultzatutako kudeaketa publikoko ereduarekin zerikusia duten ageriko gauzak erakutsi ditu. Eredu hori 6 elementu nagusitan oinarritzen da:

· Pertsonengan proiektu partekatu bati atxikita egotearen sentimendua sorraraztea.
· Enpresa bezeroengana orientatzea, balio-ekarpen bereizgarria eginda.
· Berrikuntza enpresaren esparru guztietan aplikatzea.
· Gizartearekiko konpromisoa bultzatzea, garrantzizko lehiakortasun-ahalmenen hornitzailea den heinean.
· Epe luzerako ikuspegia sortzea, argiro zehaztutako estrategia baten bidez gauzatuko dena.
· Interes-talde guztientzat gogobetegarriak izango diren emaitzak lortzea, modu iraunkor eta orekatuan.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 15a