Laneko jardunaldia: Krisi ekonomikoak ekonomiaren eta lanaren sektorean duen eragina

Julia Hernández arartekoaren ondokoa, erakundeko aholkulari batekin eta Estatuko beste herriaren defentsa-erakunde batzuetako ordezkariekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXV. Jardunaldiak prestatzeko lehen lantegian parte hartzen ari da. Jardunaldi horiek Errioxan egingo dira.

Lantegi horretan aztertu nahi da krisi ekonomikoak zer-nolako eragina izan duen Estatuko ekonomiaren eta lanaren sektorean, eta, hori abiapuntu hartuta, administrazio publiko eskudunentzat oraingo egoerarekin zerikusia duten hainbat hausnarketa egin nahi dira.

Izaera ekonomiko eta sozialeko neurriak ebaluatu nahi dira: enplegua sortu eta ugaritzeko neurriak, lanik ezari aurre egiteko babes-neurriak, gizarteratzeko gutxienezko errentak, lan-merkatuan etorkizunerako dauden asmoak, krisialdiek enpresetan eta langile autonomoengan duten eragina, krisialdiek irabazteko asmorik gabeko elkarte eta erakundeetan duten eragina, gizarte larrialdietarako udalaren laguntzak eta beste batzuk.


Iruñea, 2010eko apirilaren 20a