Lursail batzuen kanonaren ordainagiria berraztertu dute, eta tarifen ezarpena zuzendu

Pertsona batek adierazi zuen ez zegoela ados Ortuellako Udalak 2013ko ekitaldiari zegozkion herri-lursail batzuen kanonaren ordainagiriak kudeatzean izan zuen jokaerarekin.

Kanon horren ordainagiriak 2014. urtean barrena bidali ziren, urtea bukatu ondoren kobratzen delako. Hala ere, udalak, 2013ko Zerga-ordenantzan ezarritako tarifak ezarri beharrean, 2014ko Ordenantzan agertzen zirenak ezarri zituen.

Kaltetuak ordaindu egin zuen, eta, aldi berean, likidazioa zuzendu zedila eskatu zuen, baina udalak ez zuen eskaera hura bete.

Orduan Arartekoari esku hartzeko galdegin zion. Behin kasua aztertuta, udalari eskatu genion berriro azter zezala 2013. urteari zegokion likidazioa, izan ere, 2014. urterako zerga-ordenantzaren aldaketa ez zegoen indarrean 2013ko urtarrilaren 1ean. Beraz, ordenantza hori argitaratu eta indarrean jarri ondoren soilik (hau da, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera) eska zekiekeen zergapekoei bete zitzatela ordenantza berriak sortutako zerga-egitateak.

Arartekoaren eskaera aintzat hartuta, Ortuellako Udalak erabaki du bidalitako likidazioa berraztertzea eta kexagileari 259,04 euro itzultzea, baita ordaindu zuenetik sortu diren interesak ere.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 25a