Milurtekoaren oihua

#DURBAN BEROTU DEZAGUN

Krakatoa sumendiak 1883ko abuztuan eztanda egin zuen. Erupzioak izen bera duen eta Indonesiako hego-mendebaldean dagoen irla suntsitu zuen. Emaitza suntsigarria izan zen eta itsasikara indartsuak eragin zituen. Horietako batzuk Javako eta Sumatrako kostaldera heldu ziren, 35 metrotako olatuak eragin zituzten eta, ondorioz, milaka pertsona hil ziren. Ondorioak Lurreko parte guztietan nabaritu ziren eta, klimatologiari dagokionez, eguraldiaren aldaketa eragin zuten, tenperaturak apur bat jaitsi baitziren. Hilabetetan zehar Krakatoa sumendiak isuritako errautsak eta gasak planeta osoan zehar sakabanatu ziren eta urrutiko tokietako ilunabarrak eta egunsentiak tindatu zituzten, hala nola, Norvegiako zeruan. Horren inpaktu latza garai horretako arte piktorikoan ere islatu zen. Texasko Unibertsitateko fisikari talde batek 2004. urtean ikerketa bat argitaratu zuen. Bertan, Edvard Munchek "Oihua" haren margolan espresionistan margotu zuen zeruaren tonuek zera irudikatu ahal zutela ondorioztatu zuten: Krakatoako sumendi-errautsen hondarrak Osloko fiordaren gainean.

Ez da lehenengo aldia, beste kasu batzuetan ere artisten talentuari esker gertakari hunkigarriak gure oroimenean gorde ditugu. Bitxikeria hori baliagarria da prozesu natural horiek eduki ditzaketen eraginak ulertzeko, bai eta ondorioak iragartzea oso zaila dela onartzeko ere. Dena den, sumendiak eta euren isurpenak mehatxu erlatiboak dira. Atmosferan aurrekaririk ez daukan arrisku bat dago eta horrek klima-aldaketa ari da eragiten. Eragilea edozein sumendi edo hondamendi natural baino suntsitzaileagoa da: gizakia.

Industria aroa hasi zenetik planetan garatzen dugun jarduera antropogenoaren ondorioz, gasen isurpenek gora egin dute eta hori, segurtasun maila altuarekin, munduko atmosferaren osaketa aldatzen hasi da eta osaketa hori orekatua mantentzea funtsezkoa da guk eta beste izakiek bizirik iraun dezagun. NBEaren Klima Aldaketari buruzko Gobernuen Arteko Adituen Taldeak txosten berezi bat aurkeztu du Ugandan. Horren bidez, ohartarazi du klima-aldaketaren ondorioz mende honetan zehar populazioak pairatuko dituen muturreko gertakizun klimatikoek eragingo dituzten arriskuen inguruan (lehorteak, uholdeak, etab.). Aldaketaren ondorioak ia mundu mailan pairatu dituzte. Eskualde guztiak zaurgarriak dira, beraz, arriskua behar bezala kudeatzea eta fenomeno gupidagabe horretara egokitzea ezinbestekoa izango da.

Hazten ari den arriskuari dagokionez, gure erantzukizunaren jakitun izatea garrantzitsua izateaz gain, mende honetako erronka ere bada. Bidea aspaldi hasi zen. 70. hamarkadan zientzialarien txostenek, gobernuen laguntzarekin, kontu hori mahai gainean jarri zuten. 90. hamarkadan klima-aldaketaren inguruan zientzialariek zuten iritzia finkatu zen eta hauexek bezalako tresna juridikoak sortu ziren: Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena eta Kyotoko Protokoloa, esparru hitzarmenaren alderdien hirugarren batzarrean sinatutakoa (COP 3). Protokoloa nazioarteko gertaera garrantzitsu bat izan zen klima-aldaketaren aurkako borrokan, itzulerarik gabeko tenperaturen igoera saiheste aldera. Indarrean sartzea 2005. urteko otsailera arte atzeratu izanak eta karbono dioxidoaren igorle nagusiak, hau da, Ameriketako Estatu Batuek, berrespenari uko egin izanak hitzarmenaren azken helburua lortzea oztopatu du. Xedea atmosferan sakabanatzen diren negutegi efektuko gasen kontzentrazioak egonkortzea zen, interferentzia arriskutsuak galarazteko.

Ondoren, helburu hori lortzeko fase kritiko batean murgildu gara. Aurkako ahotsak sortu dira, planeta osoko hondamendi hori erlatibizatzen saiatu direnak eta honako hau defendatu dutenak: aldaketek Lurraren eboluzioan zehar betidanik egon diren aldaketa naturalak eragiten dituztela. Klima-aldaketaren aurkako borroka etengabeko hazkundean eta baliabide naturalen oparotasunean oinarritzen den gizarte, ekonomia eta energia eredu baten kontrako mehatxu gisa ikusten dute. Ahots horiek gizakiaren jarduerak planetan dauzkan eraginak erlatibizatzen dituzte eta agerikoak diren ondorioak arbuiatu egiten dituzte. Bestalde, gehien garatu diren herrialdeen hazkunde jarraituari baliabide naturalen zurrunbiloaren lehenengo ilaran agertu diren eta gorabidean dauden herrialdeak gehitu zaizkio. Klimari buruzko azken batzarrek isurpenak murrizteko sistema berri bat abian jartzeko esperantzak bertan behera utzi dituzte. Murrizketa berrien aurrean konpromisoak hartzeari uko egiteaz gain, zeuden tresnak desnaturalizatuta geratu dira. 2012. urtean Kyotoko konpromisoaren epea amaituko da isurpen antropogenoak kontrolatzeko helburu nagusia bete gabe.

Dena den, aurrerapenak ere aditzera eman behar ditugu. Planeta mailan zein tokiko mailan egoeraz jabetu gara. Isurpen iturrien kontrola eta inbentarioari eta Europako, estatuetako, eskualdetako eta tokiko planei esker gure isurpenen antolamendua eta plangintza egin ahal izan da, isurpen iturriak murriztera, dagoeneko egon diren eta etorkizunean egongo diren aldaketak arintzera eta teknologia garbien ikerketa, ezagutza eta trukearen alde egitera zuzendutako neurriak ezartzeko. Euskadin, Eusko Legebiltzarrean klima-aldaketaren inguruko legearen proiektu bati buruz eztabaidatzen hasi dira. Legebiltzarreko eztabaidak mehatxu horrek gure lurraldearen gainean duen arrisku erreala aintzat har dezan funtsezkoa da, bai eta gasen isurpenak murrizteko benetako konpromiso lotesleen alde berariaz apustu egitea ere. Gogoeta beharrezkoa den karbono gutxiko gizarte eta ekonomia eredu batean oinarritutako epe motzerako aldaketa bati buruzkoa izan behar da, gure faktura kuantifikatu eta orekatzen duen karbonoa murrizteko mekanismo batekin batera, hala nola, karbono aurrekontuak. Aldi berean, energia aurrezteko helburua eta energia garbien eta berriztagarrien aldeko apustu irmoa mahaigaineratu behar dira.

Durbaneko alderdien batzarra (COP 17), egun hauetan Hegoafrikan hasi dena, planeta hau zuzentzen duten buruzagiez harro egoteko aukera emango diguten planeta mailako akordioak adosteko azken aukeretako bat izan daiteke. Testuinguru horretan planetaren ahotsa entzun behar da. Herritarrek modu aktiboan eskatu behar dituzte lasaitasun eremu batera eramango gaituzten emaitzak, lurraren osasuna arriskuan jarriko ez duten karbono isurpenei dagokienez. Oihua begirunetsua eta baketsua baina gure ustei dagokienez sendoa izan behar da. Saihestu dezagun Munchen zeru suntsikor baten gaineko "Oihua" gure ondasunik preziatuenaren, hau da, gure planetaren, galeraren aierua izateko aukera. Planeta hoztu dezagun #Durban berotu dezagun.

Iñigo Lamarca, arartekoa; Julia Hernandez, albokoa eta Carlos Barcina, arartekoaren aholkularia eta ingurumen arloaren koordinatzailea.