Negua itzuli baino lehen

2016ko maiatzaren 6a

Udaberriak aurrera eta tenperaturek gora egin ahala, balirudike energia-pobretasunaren arazoa indarra edo, behintzat, bere lehentasun politikoa eta soziala galtzen ari dela. Hala ere, azken asteotan berri jakingarriak jaso ditugu, energia-pobretasunaren gaineko eztabaida datorren negura arte ahuldu ez dadin eta euskal agenda politikoan kezka saihestezin gisa mantendu dadin.

Urtearen hasieratik, Arartekoak gai kezkagarri horrekiko sentikorrago bihurtu nahi zituen euskal agintariak eta gizartea. 1/2016 Gomendio Orokorraren bitartez ("Euskadiko energia-pobretasunari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak"), neurri publiko edo hitzartuen multzo handi bat aurreratu zen, Euskadin gizarte-bazterketa modu horren kontra borrokatzeko, Europako araudiarekin bat etorriz. Bereziki, eskatu zen plan bat onar zedila energia-pobretasunaren kontra borrokatzeko, eta plan horretan ahultasunaren kontzeptua zehaztu zedila, egoera horretan dauden pertsonei energia-hornidura berma ziezaiela, kontsumitzaileei informazio egokia emateko betebeharra ezar zezala, energia-ikuskaritzak susta zitzala¿ Gainera, Arartekoak gomendatu zuen energia birgaitzeko edo eraginkorrago bihurtzeko laguntza publikoak ematean, lehen-lehenik energia-pobretasunak kaltetutako familiak har zitezela kontuan, eta energia-aurrezpena sustatzearekin uztar zitezela.

Horrela, Ingurumen Zientzien Elkarteak (IZE) oraintsu baieztatu du egokia dela Arartekoak proposatutako eztabaida. Gai horretaz egin duen hirugarren azterlanean, 2016ko apirilekoan ("Pobreza, vulnerabilidad y desigualdad energética con nuevos enfoques de análisis sobre esta cuestión"), IZEk agerian jarri du euskal familietatik %7,3k (150.000 pertsonek) beren etxea tenperatura egokian mantentzeko "ezintasuna" adierazi dutela. Familietatik %11k baino gehiagok (230.000 pertsonek) neurriz gaineko energia-gastuak dituztela, hau da, beren diru-sarreren %10etik gorakoak. Nahiz eta datu horiek Euskadi, argi eta garbi, Estatuko batez bestekoarena baino egoera hobean kokatzen duten (eragindako biztanleen %11,1 eta %24, hurrenez hurren), nahiko argi adierazten dute arazo hori zenbateraino dagoen zabalduta gure erkidegoan.

Konstituzio Auzitegiak (KA), bere aldetik, epai bat eman zuen lehentxeago (2016ko apirilean), egoerarik txarrenean zeuden kontsumitzaileei energia-hornidura bermatzeko Kataluniako legeari buruz. Auzitegi horrek zalantzan jarri du, eskumen-arrazoiak direla medio, autonomia erkidegoko legeria hori, Estatukoa ez bezalako araubide ekonomikoa ezartzen duelako eta hornidura etetea debekatzen duelako, kontsumitzaile kaltebera babesteko asmoz. Horren ordez, Estatuko oinarrizko araudiak beste sistema bat aukeratu du: prezioetan hobariak ezartzea.

Haatik, epai horretan ez da zalantzan jartzen energia-pobretasuna arintzeko beste neurri autonomiko batzuen konstituzionaltasuna. Halako neurriak dira, adibidez, pertsona kalteberak zeintzuk diren zehaztea, enpresa hornitzaileen eta herri-administrazioen artean informazioa trukatzeko mekanismoak jartzea, enpresa hornitzaileei egoki informatzeko betebeharra ezartzea (gizarte-tarifez edo autonomia erkidegoko legegileari beharrezkoak iruditzen zaizkion beste neurri batzuez). Beraz, ez dirudi oztoporik dagoenik Eusko Legebiltzarrak diru-laguntzak ezar ditzan pobrezia-egoeretan argindarraren eta gasaren hornidura ez eteteko.

Gainera, Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin batera agertzen diren norbanakoen botu interesgarriak arretaz irakurrita, ikusten da euskal legegileak arlo honetan zer-nolako jarduera-tartea izan lezakeen, uste baita Estatuko araudiak ez dituela betetzen 2009/72/CE Zuzentarauan kontsumitzaile kalteberak babesteko asmoz ezarri zituenak. Orduan, Estatuak Europako araudia betetzen ez duela eta, autonomia erkidego batek har litzake, bere eskumen-eremuan, Europar Batasuneko Zuzenbideak eskatzen duena betetzeko neurri egokiak. Nolanahi ere, epai hori osorik hartuta baliagarria izango da, datozen hilabeteetan bederen, eskumen-esparru bat zehazteko. Esparru horretan, euskal botere publikoek energia-pobretasunaren kontrako estrategia propioa ezarri ahal izango eta ezarri beharko dute.

Egitez, Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu berri du, duela egun gutxi, zenbait talderen legez besteko proposamen bat, Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen zehaztu dezan Euskadiko energia-pobretasunaren kontrako estrategia bat. Hortaz, abian da energia-pobretasunari buruzko eztabaida publikoa.

Pozik egon behar dugu horregatik, nahiz eta aurki izango diren hauteskundeen egutegi konplexuak hura araudi bihurtzea atzeratu dezakeen. Etorkizunean arlo horretan prestatuko den euskal estrategia hori, jakina, euskal agintariek gizarte-politiken eta etxebizitzaren arloan jada hartu dituzten egiturazko neurri aitzindarien beharrezko eta espero izandako osagarria zango da. Neurri horiek dezente murriztu dute 2008. urteaz geroztik gure kontinente osoari eragin dion krisi ekonomikoak Euskadin izan duen eragin kaltegarria.

Udaberria, hortaz, une egokia da Euskadiko energia-pobretasuna gizartean eztabaidatzen jarraitzeko, gure estrategian sartu beharreko neurriak pixkanaka taxutzeko, fenomeno horren ondorioak gutxitu eta arintzearren, izan ere, negua itzultzean, gogorrago eragingo diete Euskadiko 200.000 biztanleri baino gehiagori.


Manuel Lezertua Rodríguez
Arartekoa