Nerabeen ekarpenak Defentsa-erakundeen Koordinaziorako XXXVI. Jardunaldietan

“Gure ahotsa” haur eta nerabeen topaketan egindako lanaren ondorioak aurkeztu dituzte

Egunotan Bartzelonan egiten ari diren Defentsa-erakundeen Koordinaziorako XXXVI. Jardunaldietan, “Gure ahotsa” haur eta nerabeen topaketan parte hartu duten neska-mutilek beren lanaren ondorioak aurkeztu dituzte; horrela, koordinazio-jardunaldietako hausnarketa- eta eztabaida-prozesu orokorrean lagundu dute.


“Gure ahotsa” topaketa Bilbon egin zen, ekainaren 26an, 27an eta 28an, Arartekoak antolatuta, eta babesgabetasun-arriskuan dauden haur eta nerabeak izan zituen aztergai. Topaketan 14 eta 17 urte bitarteko 17 neska-mutilek parte hartu zuten, eta Estatuko zazpi erkidego hauetatik etorri ziren: Andaluzia, Aragoi, Kanariak, Katalunia, Valentzia, Euskadi eta Nafarroa. Nerabe horietako batzuek egunotan egiten ari diren jardunaldietan parte hartu dute.


Neska-mutilek beren ahotsa entzun dadin nahi dute eta entzuleei azaldu dizkiete Bilboko bileran partekatu dituzten gogoetak eta ateratako ondorio nagusiak, “Gure ahotsa” topaketako txostenean jasotakoak. Topaketa hartan, hasteko, haur eta nerabeek erabat garatzeko zer behar duten hausnartu zuten, beren bizipenetan oinarrituta. Lehenbiziko gogoetak zenbait gazteren zuzeneko testigantzekin aberastu ziren; gazte haiek beren esperientzia kontatu zuten, umetan babesgabetasun-egoerak bizi izan baitzituzten.

 
Orobat, Rafael Benito psikiatra, psikoterapeuta eta EHUko irakaslearen eskutik, neurozientziaren ikuspuntutik ikuspegi kualifikatua entzun ahal izan zuten, babesgabetasunak berori nozitzen duten pertsonengan duen eraginari buruz. Hitzaldiak interes handia piztu zuen bertaratutako neska-mutilen eta helduen artean. 


Jakina, haur eta nerabeen eskubideei buruz ere hausnartu zuten, zehazki, babesgabetasun-arriskuan daudenek jokoan dituzten eskubideei buruz.


Horren guztiaren berri eman dute gaur, Defentsa-erakundeen Koordinazio Jardunaldietan. 


Bideo bat ere aurkeztu dute. Bertan erakusten dira ondorioak ateratzeko egin duten hausnartze-prozesua, ilusioa, gogoa…; eta defentsa-erakundeei eskatzen diete haur eta nerabeen eskubideen alde etengabe lanean jarrai dezatela. Beraiek dioten bezala, “eskatzen diegu kontuan har gaitzaten” eta “lanean jarrai dezaten, haur eta nerabeen eskubideak defendatzeko”.