Nerabeen Kontseiluko neska-mutilek erakundea hobetzeko hausnarketak eta proposamenak aurkeztu dituzte, beren eskubideak hobeto defendatzeko

Beraien proposamenak kontuan har ditzala eskatu diote Arartekoari, haur eta nerabeen eskubideen defentsa indartzeko. Orobat, Nerabeen Kontseiluaren balioa nabarmendu dute, beren iritzia adierazteko eta herritartasun aktiboa gauzatzeko partaidetza-organoa baita

Atzo, azaroak 20, Nazio Batuen Batzarrak 1989an Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu izana ospatu zen. Testuinguru horretan, Manuel Lezertua arartekoak eta Inés Ibáñez de Maeztu bere ondokoak harrera egin zioten Arartekoko Nerabeen Kontseiluari, bertako kideen hausnarketak eta urtean zehar egindako lanaren emaitza aditzeko eta partekatzeko.

Nerabeen Kontseiluak, erakundeko haur eta nerabeen eskubideen arloan aholkuak emateko organoa denez, urtero biltzen du bere lanaren emaitza eta, azken batean, neska-mutilen hitza eta azaltzen zaizkien gaiez duten iritzia. 2023an ekarpen horiek garrantzi berezia hartu dute, izan ere, haur eta nerabeen eskubideak babesteko orduan Arartekoa hobetzeko egin dira. 

Halaxe da, urtean barrena, Europako beste partaidetza-kontseilu batzuek bezalaxe, kontseilu horrek sakon aztertu ditu eskubideak defendatzeko erakundeak eta horiek indartzeko premia, haur eta nerabeen eskubideak hobeto defenda daitezen. 

Material eta proposamen horiek zuzenean Arartekoarentzat zirenez gero, erabat interesgarria zen "seriotasuna" nabarmentzea, erakundea eta Nerabeen Kontseilua bera hobetzeko proposamen horiek erakundeko ordezkari nagusiei formalki eskuratuz. Aldi berean, hizketa-gune hurbila eta aberasgarria eratu da Kontseiluko neska-mutilen eta Arartekoaren artean. 

Haurren Nazioarteko Eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko izaerarekin bat etorriz, Arartekoko Kontseiluko kideek ahotsa goratu zuten beren herritartasun aktiboa erakusteko, zeinak konpromisoa baitu haur eta nerabe guztien ongizatearekin eta eskubide-defentsarekin.

Arartekoa eta Nerabeen Kontseilua hobetzeko proposamenak