OSAKIDETZARI GOMENDATU DIOGU ZENBAIT PRINTZIPIO ETA JARDUNBIDE KONTUAN HAR DITZALA TRANSEXUALAK ARTATZEKO ORDUAN

Arartekoak gomendio bat egin dio Osakidetzari, elkarrizketa-bide irekiak ezar ditzan eta zehatz-mehatz erantzun diezaien genero-identitate anitzeko haurren familiek osasun zerbitzuen ikuspegiaz azaldutako kezkei eta egindako informazio eskaerei, eta, orobat, zenbait printzipio eta jardunbide kontuan har ditzan, bai transexualak artatzean, bai euskal legerian arlo honetan aurreikusita dagoen gida klinikoan.

Adingabe baten gurasoek egindako kexa zela medio erakunde honetan ireki zen prozeduraren emaitza da gomendio hori. Adingabeari neskaren sexua esleitu zitzaion jaio zenean, baina mutil sentitzen da eta mutil moduan bizi da. Bere familiak Arartekoari azaldu dionez, ez dago konforme Osakidetzatik jaso duen tratuarekin, eta hainbat kezka ditu arlo horretako osasun esku-hartzeari buruz. Arartekoak burututako ikerketaren emaitza gisa, Osakidetzak adierazitako hausnarketak ere kontuan hartuta, erakunde honek hauxe ondorioztatu du: esku hartzeko eremu horretan, zientzia-, gizarte- eta giza-erronka berriak daude pertsona horiek ¿eta, bereziki, neska-mutilek behar duten arretan parte hartzen duten zerbitzu publiko guztientzat, osasun-zerbitzuak barne direla.

Testuinguru horretan, Osakidetzari egindako gomendio horren bidez, Arartekoak nazioartean onartutako zenbait printzipio gogorarazi nahi izan ditu, lagungarriak izan baitaitezke pertsona horiek artatzeko esku-hartze publikoak hobeto bideratzeko. Horien artean, aipagarriak dira: transexualitatea despatologizatzeko printzipioa; sentitutako sexua errespetatzeko printzipioa; ezagutza zientifiko eta praktikoari ateak zabaltzea, baita ere arlo honetan eskarmentu aski ezaguna duten beste instantzia batzuen doktrina-joerei; eta informazio zabala jasotzeko eskubidea, zerbitzuaren erabiltzaileak aktiboki eta jakinaren gainean parte hartu ahal izan dezan bere osasunari dagozkion erabakietan.

Halaber, neska-mutilei buruz, gogorarazi nahi dugu adingabearen interes gorena beteko bada, neska-mutil horien eskaerak aditu eta egoki bideratuko direla ziurtatu behar dela, beraien banakako ibilbidean ¿edozein dela ere profesionalen laguntza bermatuz, eta, horretarako, psikologiako profesionalak ere jarriz zerbitzu publikoaren esparruan. Bestalde, kontuan hartuta haur eta nerabeen berezko izaera ebolutiboa, baita ere pertsonen nortasuna osatzeko orduan etapa horiek duten garrantzi berezia, komenigarria iruditzen zaigu osasun-zerbitzuek arlo horretan jarduten dutenean gizarte ikuspegia ere erabil dezaten, eta kontuz joka dezaten, kategoria itxi edo finkoei jarraiki diagnostiko goiztiarrak edota itxiak egiteko ahalegin oro saihestuz, izan ere, halakoek atzerakorik ez duten prozesuetara bultza dezakete ohi baino lehenago.

Azkenik, Osakidetzari gomendatu diogu legean aurreikusita dagoen gida klinikoan egungo gizarte-, zientzia- eta doktrina-ikuspegi anitzak bil daitezela, eta azken ezagutza-egoera eta ebidentzia zientifikoa aintzat hartzea susta dadila, nazioarteko pertsona eta erakundeen aditu-irizpideaz baliatuz, behar izanez gero. Izan ere, gida hori orain egiten ari da, eta etorkizunean, transexualak artatzeko orduan, orientabide gisa baliagarria izango da osasun-zerbitzuentzat.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 19a