OSASUN LAGUNTZA PRIBATU BATEK ERAGINDAKO GASTUAK ITZULTZEA

Zeuzkan sintomak kontuan hartuta, pertsona bati diagnosi-proba bat agindu zioten sistema publikoan, presakoa gainera. Hiru hilabetez itxaron beharko zuela ikusita, aurreratzea eskatu zuen, baina ezinezkoa izan zen. Egoera hartan, zentro pribatu batera jotzea erabaki zuen, eta, gero, proban gastatutako diru-kopurua itzultzeko eskatu zion Osasun Sailari. Dirua itzultzeko eskaera hori ezetsi egin zutenez gero, kexa azaldu zion Arartekoari.

Onartu beharra dago bidezkoa dela zain egon behar duen pertsona kezkatuta egotea eta, horregatik, osasun sistema pribatura jotzea. Hala ere, joera unibertsala duen sistema publiko batean, horrelako erabakiak legeriak exijitzen dituen baldintzen argitan aztertu behar dira, besteak beste, presari dagokion baldintzaren argitan.

Kasu honetan, administrazioari informazio gehiago eskatu eta pertsona horrek emandakoarekin kontrastatu ostean, ondorio hau atera genuen: ikuspuntu juridikotik begiratuta, bazeudela zantzu batzuk pertsona horrek medikuntza pribatura jotzea justifikatuta zegoela pentsarazten zutenak.

Beraz, komenigarria zen gastuak itzultzeko eskaeraren gaineko espedientea berriz aztertzea -esan dugunez, hura ez onartu izanak eragin zuen kexa . Horixe gomendatu genion Osasun eta Kontsumo Sailari, eta hark gure iradokizuna onartu eta itzuli egin zion pertsona hari zentro pribatura joateak eragin zion gastua.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 6a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren ebazpena, 2012ko uztailaren 12koa, medikuntza pribatua erabiltzeagatiko gastuak itzultzea ukatzeari buruzko kexa-espedientea bukatutzat eman duena.