Oztopoak eta jardunbide egokiak energia-kontsumitzaile ahulen parte-hartzea bermatzeko Euskadiko tokiko energia-komunitateetan

Arartekoak antolatutako jardunaldia

Manuel Lezertua arartekoak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak honako izenburuko jardunaldia hasi dute gaur, Bilbon: "Oztopoak eta jardunbide egokiak energia-kontsumitzaile ahulen parte-hartzea bermatzeko Euskadiko tokiko energia-komunitateetan".

Mintzaldia hasteko, bi hausnarketa egin ditu arartekoak. Alde batetik, adierazi du gure planeta klima-larrialdian dagoenez gero, trantsizio ekologiko eta energetikoa egin behar dela klima-aldaketaren ondoriorik larrienak arintzeko. Bestetik, nabarmendu du zerbait egiteko eta trantsizio egokia lortzeko betebehar etikoa daukagula, kolektibo bakar bat ere atzean ez uzteko, ahulenak bereziki, eta energia- eta klima-politiken erdigunean herritarra jartzeko.

Lezertuak energia-pobrezia ere aipatu du, etxe askotan bizi duten egoera latza baita, batez ere hotz egiten duen hilabeteetan.

Ararteko erakundeak jardunaldi hau bultzatzen du, energia-pobreziaren Europako astean, bereziki aztertu nahi baitu zer mekanismok ahalbidetu behar dieten administrazio publikoei nahiz gizarte-erakundeei energia-pobreziako egoerak hobeto integratzea eta kudeatzea, autokontsumoaren bitartez.

Tokiko energia komunitateak (TEK) energia kontsumitzaileen erakundeak dira, iturri berriztagarrietatik datorren argindarraren autokontsumoa sustatzeko sortuak. Autokontsumo hori kolektiboki egiten da, tokiko bazkideen bidez. Aukera bikaina dira energia berriztagarriek herrietan harrera handiagoa izateko eta herritar guztiek energia-trantsizioan hobeto parte hartzeko.

Testuinguru horretan, botere publikoek kontuan hartu behar dute TEKek ahalmen handia dutela argindarraren faktura murrizteko eta familien energia-mendekotasuna arintzeko, bereziki kontsumitzaile-talderik ahulenena.

Bilbo, 2022ko otsailaren 21a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 2022-02-21