POLITIKO PUBLIKOEI BURUZKO II. JARDUNALDIAK

KRISIAREN AURREAN: FINANTZA-ERREGULAZIO GEHIAGO, EUROPA GEHIAGO, GIZARTE ESTATU GEHIAGO ETA ESKUBIDE SOZIAL GEHIAGO

Iñigo Lamarca arartekoak gaur goizean inauguratu ditu, Bilbon, Politika Publikoei buruzko II. Jardunaldiak. Izenburu hau dute: Eskubide sozialak krisi garaian: badago konponbidea, bila ditzagun aukerak.

Izugarri gehitu dira norberaren eta familiaren egoera benetan lazgarriak azaltzeko asmoz Arartekora jotzen duten pertsonak. Krisiaren biktimak dira. Gehitze horrek sortu dion kezka azaldu du Lamarcak.

Arartekoak orain bizi dugun une historikoaren garrantzia aipatu du, eta zera adierazi: "Erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia da. Erabaki horiek eragina izango dute gure gizarteen bilakaeran eta oraingo eta geroko belaunaldien bizitzan eta ongizatean. Gure ustez, gure ardura da gizarte-eztabaida ahalbidetzea, eskubide sozialetan eragiten ari diren gaietako hainbat aditu jardunaldiotara ekarriz eta, orobat, zenbait ideia eta proposamen azalduz. Arartekoa errealitate sozialaren behatoki bikaina da eta, erakunde gisa, eskubide sozialak defendatzeko jarrera dugu; zeregin horretan bildu dugun informaziotik sortu dira ideia eta proposamen horiek". Arartekoak azaldu duenez, eskubide sozialak giza eskubideak dira, Konstituzioak, Autonomia Estatutuak eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen aldeko nazioarteko Hitzarmenak babestutako eskubideak, hain zuzen.

Bestalde, Federico Mayor Zaragozak Bake Kulturaren aldeko Fundazioaren presidentea eta UNESCOko zuzendari nagusi ohia da bera zera gogorarazi die jardunaldietara joan diren pertsonei: historian, lehenbizikoz, ez garela agindupekoak, baizik eta merkatuak sortutako krisiari beste aukera batzuk bilatu diezazkioketen herritarrak. Haren esanean, demokraziak, giza eskubideek, elkartasunak eta bakeak izan behar dute aukera horien abiapuntu.

Halabeharrez, bihar goizerako aurreikusita zeuden Rafael Poch-de-Feliuren eta Luis Jimena Quesadaren hitzaldiak bertan behera utzi dira. Beraz, biharko egitaraua hauxe izango da:

10:00h: Gerardo Pisarelloren hitzaldia

11:00h: María Bruquetasen hitzaldia

12:30h: Mahai-ingurua, Garbiñe Biurrunekin eta José Angel Cuerdarekin.

14:30h: Jardunaldien amaiera

Bilbao, 2012ko maiatzaren 14a