"Prisión y género. Efectos del encarcelamiento en mujeres y hombres presos y su entorno familiar" liburuaren aurkezpenera

Joan den abenduaren 18an arartekoa Bilbora joan zen, Prisión y género. Efectos del encarcelamiento en mujeres y hombres presos y su entorno familiar liburuaren aurkezpenera. Liburu horri berak egin dio hitzaurrea eta Zubiko elkarteak argitaratu du.

Zubiko elkarteak Zubia zentroa kudeatzen du. Bertan, profesional talde batek arazo penalak edo espetxe-arazoak dituzten pertsonei laguntzen dihardu.

Elkarte horrek bi helburu ditu: lehenbizikoa, gizarteratzeko aukera ematea gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonei -batik bat arazo penalak edota espetxe-arazoak dituztenei-, baita haien senideei ere, lan merkaturako sarbidea eta merkatu horren egonkortasuna sustatuz; eta bigarrena, talde horren arazoak jendeari ezagutaraztea, gizarte-eragile guztiak sentsibilizatzeko eta horien partaidetza lortzeko.

Espetxeratuen bizi-baldintzek etengabeko kezka sortzen diote Arartekoari. Askatasunik gabe egon arren, espetxeratuek normalki erabili ahal izan beharko lituzkete beren eskubide guztiak, eta eskura izan beharko lituzkete beraien epaian espresuki mugatu ez diren gizarte-onurak. Gure espetxeetako errealitatean, ordea, era guztietako oztopoak ikusten dira pertsona horiek beren eskubideak egiaz erabili ahal izan ditzaten.

Arartekoak ez du administrazioaren jarduera ikuskatzeko eskumenik, eskumenok Estatuari baitagozkio, baina, hori bai, esku har dezake gure administrazioek eman edo kudeatutako zerbitzuen baitan dauden eskubide guztien inguruko gaietan: osasuna, garraioa, trebakuntza programak, gizarte ongizatea eta laneratzea.