RAINBOW PROIEKTUA BUKATU DA: HOMOFOBIAREN KONTRAKO BORROKA HEZKUNTZA INGURUETAN

Arartekoak Rainbow Has izeneko Europako proiektu bat koordinatu du. 2013 eta 2014. urteetan barrena garatu da eta bertan parte hartu dute Europar Batasuneko 8 herrialdetako (Erresuma Batua, Italia, Polonia, Bulgaria, Alemania, Holanda, Belgika eta Espainia) 13 erakundek. Proiektu hori "Oinarrizko eskubideak eta herritarrak" deritzan komunitate-ekintzaren programan sartuta dago, zeina Europako Batzordearen Justiziako Zuzendaritza Nagusiak sustatu eta finantzatzen lagundu baitu.

Proiektuaren helburua hauxe zen: haur eta nerabeek sexu-aniztasunerako (sexu-joerari eta genero identitateari dagokienez) duten eskubidea zertan den aztertu eta hobetzea hezkuntza-eremuan oro har, hau da, hezkuntza arloko erakunde eta irakasleekin ez ezik, era guztietako familien elkarteekin ere harremanetan jarriz, txikitatik hasita, sexu-aniztasunera irekitako hezkuntza lortzeko asmoz. Hezkuntza horrek gai izan behar du sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik egiten diren edonolako diskriminazioak edo jazarpenak (jarrera homofobo edo transfobo deritzegunak) prebenitzeko eta haien kontra borrokatzeko.

Lana jarduera-ildo ezberdinetan gauzatu da: zehazki, joera homosexualeko edo identitate transexualeko haur eta nerabe batzuen egoeraren diagnostikoak egin dira hainbat herrialdetan; eztabaida-taldeak eta mintegiak egin dira eta horietan zenbait eragilek hartu dute parte (Espainiako estatuan mintegiak antolatu ziren Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen); herri-administrazio batzuek eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek (horietatik bost Euskadikoak) jarduera egokiak identifikatu dituzte; eta ondorioak eta gomendioak idatzi dira Europar Batasuneko eta proiektuarekin zerikusia duten herrialdeetako botere publikoentzat.

Burututako lana argitalpen batean bildu da. Laster emango zaie hainbat agintari, administrazio eta erakunderi.


Donostia-San Sebastián, 2015eko martxoaren 17a


Lotutako dokumentazioa

Rainbow Has: haur eta nerabeek sexu-aniztasunerako duten eskubidea Rainbow Has: youth rights to sexual diversity Rainbow Has: derechos de la infancia y la adolescencia a la diversidad sexual