TRATU TXARRAK PAIRATU DITUZTEN HAURREI BURUZKO ESTATU MAILAKO XI. BATZARRA

Elena Ayarzak, Ararteko erakundearen Haurren eta Nerabeen Bulegoko zuzendariak, Oviedon egin den Tratu txarrak pairatu dituzten haurrei buruzko XI. batzarrean parte hartu du. Topaketa hori Haurren aurkako tratu txarrak prebenitzeko elkarteen federazioak (FAPMI) antolatu ohi du 1998. urtetik, bi urtetan behin.

Oraingoan batzarraren izenburua hauxe izan zen Ikerketaren eta praktikaren arteko zubiak eraikiz, helburu nagusietako bati erreferentzia eginez: ikerketa talde nagusien eta haurren babeserako programetan eta lotutako sistemetan esku hartzen duten arduradun politiko, tekniko eta profesionalen arteko topagunea eratzea. Hau guztia izan zen hiru lan jardunaldietarako antolatu zena: 15 hitzaldi, 16 sinposio 61 erakusketekin eta 15 komunikazio-mahai 70 aurkezpen baino gehiagorekin, bi hamarreko poster eta haurren parte hartzerako esparru bat.

Ezagutzak eta harremanak trukatzeko testuinguru horretan, Ararteko erakundearen Haurren eta Nerabeen Bulegoari parte hartzeko gonbitea luzatu zioten bakarrik dauden adingabe atzerritarren (MENAS) eskubideak bermatzearen eremuan erreferentzia adierazgarria den heinean. Izan ere, mende berriaren mugan erakunde honek errealitate horrekin "topo egin" zuen, gure lurraldera heltzen hasi zirenean eta babesgabetasun egoeran dauden neskato eta mutikoen kolektiboa handiagotzen hasi zirenean.

Horri dagokionez, erakunde honek hainbatetan horri lotutako zenbait konturen gaineko iritzia eman du publikoki. Edonola ere, oraingoan bulegoko zuzendariaren esku-hartzeak hauxe izan zuen hizpide: hamazortzi urte betetzen dituztenean, hau da, baliabidetatik joateko unea; izan ere, 2012. urtean zehar jasotako kexei jarraiki, kasu guztietan ez da egoera hori behar bezala ebazten ari.

Bigarren esku-hartzea izenburu hau daukan sinposioan oinarritu zen: Haurren gaineko ikuspuntu berri bat, eskubideetan oinarritutakoa. Horren bitartez, Ararteko erakundea 1985. urtean sortu zenetik gaur egun arte, Haurren eta Nerabeen bulegoaren sorrerara arte, haurren alorrean izandako lan esperientziaren berri eman zuen, hasiera batean haurrak babestu beharreko objektutzat jotzen baziren ere, denborarekin eskubideak dituzten subjektutzat jotzera pasa baikara.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 26a