TXOSTEN BEREZIA: "Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan"

IKASTETXEETAKO BIZIKIDETZARI ETA GATAZKEI BURUZKO

¿ Txosten honen zergatia

Gure Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako bizikidetzaren eta gatazkaren gaineko txostena aurkeztuko dugu gaur.

Hezkuntzaren oinarrizko helburuetako bat da bizikide izaten ikastea indarkeriarik gabe, pertsona guztiei errespetua izanez, nolakoak diren alde batera utzita: oinarrizko helburua, beraz, hezkuntza-sistemarentzat, baina baita gizarte osoarentzat ere. Ez da bakarrik edukazio oneko edo txarreko kontua. Eskubide kontua da, oinarrizko eskubideena, pertsonen oinarrizko duintasunari eragiten diotelako. Hori dela-eta, Ararteko erakundeak -kasu honetan Kataluniako Síndic de Greuges erakundearekin batera- gaian sakontzea erabaki du pertsonen eskubideen babesle izateagatik eta, modu berean, ondorioak eta gomendioak aurkeztuko dira ezohizko txosten honetan.

Eskolako bizikidetzaren eta indarkeriaren gaia sakontasunez aztertzen saiatzeko, bada gutxienez beste arrazoi bat: kontu horren inguruan geroz eta handiagoa den eta "gizarte alarmatzat" ere har litekeen gizarte kezka egotea. Gizarte kezkako, edota alarmismoko testuinguru horretan, garrantzitsua zirudien ezagutza handiagoa edo hobea ematea gure ikastetxeetako benetako egoeraren inguruan eta, horretan oinarrituz, zenbait gomendio egitea ikastetxeetako giroa eta bizikidetza hobetzeko. Hori da gaur aurkezten dugun txostenaren oinarrizko helburua.

¿ Zer aztertu dugu

Ikastetxeko testuinguruan indarkeria erabiltzearen inguruko berri, eztabaida eta kezka askok "bullying"arekin dute zerikusia. Adierazi behar dut txosten hau ez dela bullyingari buruzkoa. Edo, zehazkiago esanda, eginiko azterlana ez da horretara mugatu. Ikastetxeko giroa osotasunean aztertzeko asmoa du: berdinkideen arteko harremanak, bai; baina modu berean, baita irakasle eta ikasleen arteko harremanak, ikasle eta familien artekoak, etab. ere. Hau da, hezkuntza-komunitatearen esparruan garatzen den harreman multzo osoa, gelako martxa etetea bezalako jokabideak ere barne hartuta. Izan ere, horrelako portaerek ikastetxeetako funtzionamendu ona asaldatzen dute.

Bizikidetzako gatazkei dagokienez, funtsean, sei mota aztertu ditu: disrupzioa; ikasleek irakasleei egindako erasoak; irakasleek ikasleei egindako erasoak; berdinkideen arteko tratu txarrak; bandalismoa; absentismoa. Eta horietako bakoitzak dituen adierazpen desberdinak. Berdinkideen arteko tratu txarrei dagokienez, adibidez, iraintzea, jotzea, ez ikusiarena egitea edo baztertzea, mehatxu egitea edo xantaia egitea, gauzak lapurtzea edo apurtzea, sexualki jazartzea¿ Baina honakoak ere aztertu dira: giro orokorra, arauak, bizikidetza hobetzeko jardunak, balioak, etab.

¿ Informazio iturriak

Txostenaren elementu nagusia joan den ikasturtean (2005-2006) gure erkidegoko Bigarren Hezkuntzako 80 ikastetxetan garaturiko ikerketak eratzen du. Horretarako, galdera-sortak, elkarrizketak eta eztabaida taldeak egin ziren.

Azterlan honen alde kuantitatiboa eratzeko (ikusi 3. kap), galdera-sorta ezberdinei emaniko erantzunen azterketa egin da (ikusi II. eranskina). Galdera-sortak DBHko 2.mailako 1.707 ikaslek, DBHko 4. mailako 1.616 ikaslek, 2.782 familiak, 1.257 irakaslek eta 80 zuzendarik erantzun dituzte.

Azterlanaren alde kualitatiboa (ikus. 4. kap) hamar ikastetxetara mugatu da, hainbat faktoreren arabera aukeraturikoak. Horretarako, elkarrizketak eta eztabaida taldeak egin dira sektore bakoitzarekin (ziklo bakoitzeko ikasleak, gurasoak, irakasleak).

Hala eta guztiz ere, gure gomendioak adierazterakoan batez ere, beste informazio iturri osagarri batzuk ere kontuan hartu dira, azken bi urteetan jaso ahal izan diren kontsulta eta kexak jazarpen edo tratu txarreko balizko egoerak salatuz, esate baterako, eta egoerak argitzeko garatu ahal izan diren ikerketak. Horren ondorioz, zenbait muga topatu ahal izan dira prozeduretan.

¿ Deigarrena eta alderik kezkagarrienak

Ikastetxeetako indarkeriaren gainean gizarteak agertzen duen alarma, hedabideetan zenbaitetan agertzen diren albisteak edota ikerketa zehatz batzuk eskaintzen dituzten emaitzak kontuan hartzen baditugu, ziurrenik eginiko azterlanaren deigarriena izango da gure hezkuntza-komunitateko osagarri guztiak (ikasleak, irakasleak eta familiak...) nahikoa pozik daudela beren ikastetxeetan sumatzen duten giroarekin. Erantzunak kritikoagoak dira hezkuntza-sistemaren giro orokorrari buruz galdetzen zaienean edo giroaren balizko hondamenari buruz hitz eginaraztean. Bakoitzaren ikastetxeari buruz galdetzean, ordea -hori da hobekien ezagutzen dutena-, bildutako balorazioak oso positiboak dira. Adibide gisa aipa daiteke familien % 82k ez luketela semea edo alaba ikastetxez aldatuko, edo familien % 93,4 oso pozik daudela semea edo alaba dagoen ikastetxean egotearekin.

Ararteko erakundeak eskubideak bermatzeko duen betebeharretik aztertuz gero, ordea, alde negatiboak azpimarratu behar ditugu eta, bereziki, ondorio larriak izan ditzaketenak edo pertsonen oinarrizko eskubideetan eragina izan dezaketenak. Ikuspegi hori kontuan hartuta, nahikoa litzateke ikastetxeko komunitateko kide bakar bat baztertua, mehatxatua, erasotua edo lotsarazia izatea, gure kezka edo esku-hartzeak zentzua izateko. Eta bildutako datuen arabera, mota horretako jarduerak, gehienetan nagusikeriaren ondorio, ohikoak dira zoritxarrez.

Azterlanak agertzen dizkigun kezka-elementu ezberdinen artean, honakoak azpimarra ditzakegu:

  1. Irakasleen eta familien artean antzeman daitekeen dibortzioa.

    Familiek, adibidez. oso ikuspegi idilikoa dute irakasle eta ikasleen arteko harremanen inguruan; haien ustez beren seme-alabek ez dute ia arazorik ematen; aldiz, askoz ere kritikoagoak dira irakasleen jardunbidearekin eta abar. Horrela, irakasle gehienek, bestalde, uste dute (% 54k) ikastetxeetako diziplina-arazoen edo indarkeriaren arrazoia familiak permisiboegiak izatea dela eta seme-alabei inolako jokabide mugarik ez ezartzea. Kontuan hartzen badugu familia eta irakasleen arteko lankidetza ikastetxeetako bizikidetza eta giroa hobetzeko ezinbesteko faktorea dela, alde horiek izugarri kezkagarriak dira.

  2. Sektore batzuen parte-hartze eskasa ikastetxeetako bizikidetza arautzen duten arauak egin, berrikusi eta aplikatzean.

    Ikasle eta familien balorazioaren arabera -baita bizikidetza-batzordeen moduko organoetan zuzenean parte hartzen dutenen arabera ere-, arauen berrikuspenean edo aplikaziorako irizpideetan esku hartzeko dituzten aukerak oso mugatuak dira, irakasleek erabakitzeko duten ahalmenaren ondoan.

  3. Zenbait jokabide "normaltzat" hartzea; horrek zalantzan jartzen ditu errespetuzko bizikidetzarako ezinbestekoak diren hainbat balore.

    Nagusiki, hiru jokabide motaz ari gara. Horiek, aztertutakoaren arabera, nahikoa ohikoak dira eta ikasleen talde esanguratsuak justifikatzen ditu -arrazoi harrigarriak emanez batzuetan-:

    • Gelako martxa etetea edo diziplina eza irakaslearen egonezinerako arrazoi nagusienetako bat da.
    • Gelakideei eginiko erasoak, haiengan izan ditzaketen ondorio negatiboak baloratu gabe.
    • Ezer egiten ez duen lekukoaren paperaren onarpena. Normalean, ondorio negatiboak etorriko zaizkienaren beldur, beste alde batera begiratzen dute, sufritzen ari denari babesik eman gabe edota heldu arduradunekin elkarlanean aritu gabe.

    Jokabide horien konbinazioak kostu pertsonal handia ari dira izaten, bai ikasleen bai irakasleen kasuan

  4. Ikastetxeetatik kanpoko agente batzuen jarduera jakin batzuk izaten duten eragina, eta ez beti positiboa.

    Ikastetxeko komunitatea, eta bereziki irakasleen taldeak, kezka handiz ikusten du neurri batean beste agente sozial batzuen esku hartzea, beraiena dela uste duten esparru batean. Nahikoa da ikustea ikastetxeko jazarpen kasuen judizializazioaren inguruan adierazitako iritziak edo zenbait kasuri hedabideek ematen dioten tratamenduari buruz adierazitakoak. Gauzak horr

Lotutako dokumentazioa

Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan