TXOSTENA: "EAEn ASKATASUNIK GABE DAUDEN PERTSONEN BURUKO OSASUNARI EMANDAKO ARRETA SOZIOSANITARIOA"

Espetxeratuei buruzko azterlan ugarik agerian jarri dutenez, presoen buruko osasunak nabarmen okerrera egin du, gero eta pertsona gehiago sartzen dira espetxean buru-nahasmenduekin, eta hainbat gabezia daude haien gaixotasuna artatzeko orduan, askatasunik gabeko denboraldian.

Txostenaren atal kuantitatiboa ixteko unean (2013ko abenduaren 17a), 1.430 pertsona zeuden preso Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan, honela banatuta:

· 735 pertsona Zaballako espetxean (Araba-Álava)
· 365 pertsona Basauriko espetxean (Bizkaia).
· 330 Martutenekoan (Gipuzkoa).

Esku artean ditugun azterlanen arabera, Espainiako espetxeratuen ia erdiek (%40-45ek) buru-nahasmenduren bat daukate. Ehuneko hori Euskadiko espetxeetan dauden pertsonei aplikatzen badiegu, ondorio hau atera dezakegu: 600 bat pertsonak dutela buru-nahasmenduren bat, eta horietatik 100ek izango lituzketela buru-nahasmendu larriak.

Orobat, nabarmendu behar dugu nortasun-nahasmenduak gailentzen direla, argi eta garbi: aztertutako laginaren %80k gutxi gorabehera zeukaten, gutxienez, nortasun-nahasmenduren bat. Gazte Justiziako Zerbitzuak erabiltzen dituzten adin txikikoen artean ere patologia psikiatrikoak nagusitzen dira argiro.

Egiaztatu denez, bitarteko baliabideak behar dira oso gaixotasun larriak ez dituzten pertsonak artatzeko, arreta espezializatua behar da espetxean bertan, eta arreta soziosanitarioa emateko kanpoko zerbitzuak ere bai.

Gauza jakina da espetxe arloko eskumenak oraindik ez zaizkiola eskualdatu Euskadiri, Autonomia Estatutuaren 10.14 artikuluan ezarritako xedapena gorabehera. Hala ere, ekainaren 28ko 140/2011 Dekretuaren bitartez, Estatuko administrazioak Eusko Jaurlaritzari espetxeko osasun arloko eginkizunak eskualdatzea onartu zen.

Pentsaera honek bultzatu du eskualdatze hori: espetxeetako osasun arloa erkidegoen osasun arloan txertatzea komeni da; horrela, euskal osasun-sistemak eskaintzen dituen kalitateko estandarrak gozatu ahal izango dituzte presoek, beraien zigorraren ondoriozko mugak besterik ez dituztela. Gure azterlanak erakutsi du aurrerapenak egin direla, dudarik gabe, eskualdaketa gauzatu zenetik igaro den denbora honetan. Baina, era berean, agerian jarri du oraindik bizirik dauden zenbait inertzia gainditu behar direla, izan ere, errealitatean, gure espetxeetan, espetxeko araubide eta segurtasun arloko exijentziak lehenesten dira, presoen tratamendu-beharren aurretik.

Batzuetan, berariazko baliabiderik ezak, zer baliabide dauden ez jakiteak eta espetxetik datozen pertsonak hartzeko erreparoek honelako egoerak sortzen dituzte: abandonua, eskaletasuna, berriz delitua egitea eta espetxera itzultzea. Pertsonak zigor-sistemaren gurpil zentzugabean murgilduta ikusten du bere burua ("ate birakariaren egoera" deritzan horretan), delituak eta espetxeratzeak metatuz, eta ez zigor-sistemak, ez osasun-laguntzak, ez dute asmatzen kiribil hori nola eten. Gainera, badirudi kiribil horretan lehentasuna ematen zaiola espetxearen segregazio efektuari, arauak hausteko gaixotasuna duen pertsonagandik libre uzten baitu gizartea.

Arreta berezia behar dute auzi penalak dituzten emakumeek. Horiengan psikopatologia larriagoak antzematen dira eta zailtasun handiagoa izaten dute komunitateko baliabideak eskuratzeko. Egoera horrek ondorio neketsuak dakarzkie beraiei eta beren familiei, seme-alabak izaten baitituzte ardurapean.

Arartekoaren ustez, komenigarria izango litzateke Eusko Jaurlaritzak espetxe arloko eskumenak bereganatzea, Estatutuan ezarritako manua betez, eta etorkizuneko esparru horretan, espetxe-eredu propioaren diseinua eta kudeaketa sustatzea, modu egoki eta eraginkorrean jarduteko presoen buruko osasunari dagokionez. Jarduera horrek bi helburu izango lituzke: batetik, espetxeratuen osasunaz behar bezala arduratzea, eta, bestetik, zigorra betetzea birgizarteratzeko xedearekin uztartzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 6a


Lotutako dokumentazioa

Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari eaen emandako arreta soziosanitarioa