Udal Gizarte-Zerbitzuen Estatuko I. Jardunaldiak

Estatu osoko profesionalek udal gizarte-zerbitzuen sare publikoaren egoera aztertu dute Barakaldoko BECen

Bi egunean barrena, zenbait gizarte-langilek, politika arduradun batzuek, baita hainbat profesionalek eta herritarrek ere, udal gizarte-zerbitzuen egoeraz gogoeta egin dute. Gaur amaitu dira udal gizarte-zerbitzuen Estatuko jardunaldi hauek, Iñigo Lamarca arartekoak parte hartu duen ekitaldi baten bidez.

Topaketa hori Estatuko Gizarte Langintzaren Batzorde Nagusiak eta Bizkaiko Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialak antolatu dute eta parte-hartzaile gehienak gizarte-langileen kolektiboaren ordezkariak ziren, zuzenean ezagutzen baitute gizarte-zerbitzuak erkidegoetan zer egoeratan dauden. Beraz, topaketa hori aukera paregabea izan da egoera orokorra zuzen-zuzenean ezagutzeko.

Udal gizarte-zerbitzuak egoera zailean daudenez gero, topaketa horrek garrantzi berezia izan du. Horrela, tokiko administrazioa eraberritzea izan da jardunaldietan aztertutako gai garrantzitsuetako bat, gertuko gizarte-zerbitzuen egituran eragingo baitu.

Gizarte Langintzaren Batzorde Nagusia lanbide horren Estatuko goi ordezkaria da eta gizarte langintzaren elkargo ofizialek osatzen duten elkargo-egitura koordinatzen du. Elkargo horiek 36 probintziatan dute ordezkaritza, eta ia 40.000 kide dituzte. Bizkaiko Gizarte Langintzaren Elkargo Ofiziala 1982an sortu zen eta 700 kide ditu.

Elkargo ofizialak profesionalen erakundeak dira eta Gizarte Langintzako gizarte-laguntzaileek, profesional diplomadunek eta graduatuek bakarrik osatzen dituzte. Horietako bakoitzak nortasun juridiko propioa du, eta bere harremanak eta antolaketa bere estatutu-arauetan xedatuta dago.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 14a