Udalek beren udalerrietako presoak udal-erroldan mantentzeko betebeharra

Arartekoaren 6/2020 Gomendio Orokorra

Arartekoak hainbat kexa jaso ditu, banakakoak eta espetxe-eremuko hirugarren sektoreko erakundeenak. Kexa horien arrazoia da presoek eta preso ohiek zailtasunak dituztela eskura ditzaketen prestazio eta zerbitzu publikoak eskuratzeko.

Ikusten dugu, sarritan, eskuratzeko zailtasun horien azpian dagoen elementua dela ez daudela erroldatuta beren udalerrietan edo, hala badagokio, espetxean bertan.

2015ean ezarri zen arau-aurreikuspena, presoak erroldatzeko kasu berezi gisa. Hala ere, ikusi dugu arauketa hori ezezaguna dela.

Egia esan, trafiko-segurtasunaren aurkako delituengatik edo genero-indarkeriari lotutako delituengatik preso daudenen kopuruaren igoerak espetxeetan dauden pertsonen profil sozialak asko aldatu baditu ere, gehienek, denboran irauten duten gizarte-bazterketa prozesuak jasaten dituzte askotan.

Horrela, espetxetik igarotzea bera gizarte-bazterketako faktore bihurtzen da, eta azkartu edo agortu egiten ditu askatasunik gabe denbora luzez egon diren preso gehienen gizarte- eta familia-loturak, eta, ondorioz, ibilbide horretan, espetxe-ingurunean, udal-errolda ere galtzen dute.

Beraz, errealitatea da, salbuespenezko kasuetan izan ezik (hau da, etxebizitzaren jabeak badira edo familia-nukleoarekin lotura sendoak badituzte, epe bat igaro ondoren), jatorrizko udalak erroldan baja ematen diela preso dauden pertsona horiei.

Espetxean hainbat urte ematen dituzten presoek, familia- eta gizarte- edo komunitate-loturak galtzeaz gain, horietako askok jatorrizko udal-errolda galdu ohi dute, nahiz eta beren espetxe-bilakaera positiboa dela-eta erdi-askatasuneko neurriak eskuratu ahal dituzten.

Bestalde, espetxean erroldatuta egoteko aukera presoek duten eskubidea da, zentroa dagoen udalerrian sartzeko prozesuak abiarazi ahal izateko, beren jatorrizko udalerrian loturak galdu dituztenen eta erroldarik ez dutenen kasuan.

Hori dela eta, beste alderdi batzuen artean, Arartekoak honako hau gomendatu die euskal udalei:

- Beren udalerriko presoen erroldatzeak mantentzea preso horiek espetxean dauden bitartean.

- Baja legez erabaki badaiteke, espetxeko gizarte-zerbitzuei jakinaraztea, presoak espetxea dagoen udal-erroldan eman dezan izena eta, horrela, udal-erroldan antzinatasuna gal ez dadin.

- Protokolo bat egin dezatela udal-arloek nola jokatu behar duten jakiteko, baldin eta bertako bizilagun bat espetxe-zigorra betetzen ari denaren berri dutenean, eta gizarte-zerbitzuek bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzat esku hartzea aurreikusten bada.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a


Lotutako dokumentazioa

Udalerriko presoak erroldan mantentzeko udalen betebeharra