Urriak 17: Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

2015eko urriaren 16a

Etorkizun iraunkorra eraikitzea: denok bat egitea, pobreziari eta diskriminazioari amaiera emateko

Bihar Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak ezarri zuen egun hori, pobrezia errotik atera behar dela ohartarazteko eta, horrela, pertsonen duintasun, askatasun eta berdintasunaren alde borrokatzen laguntzeko.

Arartekoa, eskubideak defendatzeko erakundea denez, ados dago Nazio Batuek egun horretarako jarritako helburuekin, baita ere aurten Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu izanak Estatuei, erakunde sozial eta nazioartekoei eta eragile pribatuei dakarzkien erronkekin.

Bizimodu iraunkorra bermatuko duten diru-sarrerak eta baliabideak ez izatetik harago doa pobrezia, eta justiziarik eza sortzen du. Horregatik, pertsona askok ezin dituzte beren eskubideak baliatu eta ezin dira gizaki gisa errealizatu.

Aberatsen eta txiroen diru-sarreren arteko alde horrek gizarte ezegonkorrak, ahulak, gizarte-kohesiorik gabeak sortzen ditu eta epe luzean, gizarte horiek oso ondorio txarrak izan ditzaketen gatazkak eragiten dituzte.

Txirotasuna eta gizarte-desberdintasuna daude gizarte-gatazka eta gerra ugariren sorburuan. Etengabeko sufrimendua sortzen dute familietan eta bizirik irauteko asmoz egunero borrokan dabiltzanengan, beste arazo batzuk ere gehitzen diren testuinguruan.

Horregatik, funtsezkoa da administrazio ona izatea, ustelkeriarik gabekoa eta aberastasuna modu egoki eta orekatuan berriz banatuko duena, gizarte-ezegonkortasuna sortzen duten egoerak saihesteko, horiek ondorio pentsaezinak izan baititzakete.

Garapen Iraunkorreko Helburuak gauzatuko badira, gobernuek, sektore pribatuak eta gizarte osoak ikuspegi berbera izan behar dute pertsonen bizikidetzarako zer den ezinbestekoa zehazteko orduan. Pertsona bakoitzaren bizitza, osotasuna eta duintasuna lehenetsi behar dira, eta ingurumenak bizirik irautea ere bai. Arartekoa, eskubideak defendatzeko erakundea denez, Nazio Batuekin guztiz bat dator helburu horiek bilatu behar direla.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 16a