Ustelkeria, COVID-19a eta giza eskubideak

Arartekoko langileek duela gutxi Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluak antolatutako mintegi batean parte hartu zuten. Mintegi hartan COVID-19aren pandemiaren testuinguruan giza eskubideetan ustelkeriaren eragina izan zuten hizpide.

Transparencia Internacional GKEaren azterketek azpimarratu dute pandemian ustelkeria areagotu dela. Gobernuek azkar jardun behar izan dute, diru-kopuru itzelak mugitu dira eta kontratazio-arauak lasaitu dira. Horiek guztiek ustelkeria-moduak bultzatu dituzte, hala nola osasun-zerbitzuengatik bidegabe kobratzea, funtsak bidegabe erabiltzea, absentismoa, kutunkeria, prezioen inflazioa edo datuen manipulazioa. Transparencia Internacional erakundearekin bat etorriz, ustelkeriak osasun-sektoreari urtean 500.000 milioi dolar kentzen dizkio. Mintegian aipatu zen bezala, "prevenir la corrupción puede ser una cuestión de vida o muerte" (ustelkeria prebenitzea hil edo bizikoa izan daiteke).

Halaber, gizarte zibilak mintegian azaldutakoaren arabera, jardun ustelak gehitzeaz gain, estatu batzuetan ustelkeria salatzen duten pertsonenganako eta erakundeekiko errepresioa areagotu da. Zenbait eskubide urratzen direnean, hala nola adierazpen- eta informazio-askatasuna edo elkartu eta biltzeko askatasuna, jardun ustelak bultzatzen dira, eta, bide batez, osasun-zerbitzuek okerrera egiten dute. Transparencia Internacionalek egiaztatutakoaren arabera, sektore publikoan ustelkeriarik txikiena duten herrialdeek egiten dituzte osasunean inbertsiorik handienak.

Kontratatzeko orduan gardentasunari buruzko jardun onak partekatu dira mintegian. Gauza bera egin da kontratuen informazioa eskuratzearen eta ustelkeria-kasuetan herritarrentzako salaketa-kanalen gainean. Halaber, Ustelkeriaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa azpimarratu da. Nazioarteko ituna da, eta nahitaez bete behar diren arauak ditu eremu hauetan: ustelkeriaren prebentzioa, neurri penalak, nazioarteko kooperazioa eta baliabideak berreskuratzea ustelkeria-ekintzek desbideratu dituztenean. Konbentzioa Espainiak berretsi zuen, eta estatuek konbentzioaren eskakizunak betetzen dituzten egiaztatzeko ikuskapen-mekanismoa du. Espainiari buruzko txostenik berriena eskuragarri hemen.

Azkenik, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak 2021eko uztailean onetsi zuen ebazpena nabarmendu behar da. Horren bidez, giza eskubideetan ustelkeriaren ondore negatiboak aztertzen dira. Adierazgarria da ustelkeriaren aurkako borrokaren eta giza eskubideen arteko lotura, eta estatu kideei eskatzen zaie neurriak har ditzaten prebenitzeko, hezteko, informazioa trukatzeko, borroka sustatzeko eta gizarte zibila babesteko.

Ustelkeriari eta COVID-19ari buruzko dokumentazioa