Zaratari buruz kontzientziatzeko nazioarteko eguna

Zaratari buruz kontzientziatzeko nazioarteko eguna ospatzen dela eta, Bilbon 7 Ordu Lo plataformak antolatutako eztabaida-mahai honetan parte hartu du Manuel Lezertua arartekoak: Hiri biziak zaratatsua izan behar du?”

Bere mintzaldian, arartekoak esan du inguruan gehiegizko zarara izateak oinarrizko eskubide batzuk urra ditzakeela, hala nola bizilekuaren bortxaezintasunerako, familia-bizitzarako eta osasunerako eskubideak. Horregatik, Arartekoak aisialdi-eredu berri bat bilatzea sustatzen du, giza-jarduera jasangarriagoak eta atsedenerako eskubidearekin bateragarriagoak ahalbidetuko dituena.

Arartekoak ekintza-plan bat eskatzen die botere publikoei, hots-kutsadurak berekin dakarren gaitzaren kontra borrokatzeko, eta zenbait gomendio egin ditu, pertsonek beren eskubideak baliatzeko orduan soinu-injerentziaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Lezertuaren iritziz, parte hartzeko tresnak (adibidez, herritarren eta administrazioaren arteko foroak, zaratak sorturiko gatazka batzuen bilakaera aztertzeko mahaiak, edo, areago, justizia errestauratiboko zirkuluak) baliagarriak izan daitezke jarduera gogaikarrien inguruan bizi direnen ingurumen-kezkak zuzenean ezagutzeko eta horiek konpontzen saiatzeko.

ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 24a