ZUZENBIDEARI ETA GIZA GENOMARI BURUZKO NAZIOARTEKO XXV. BILTZARRA

Genetika, bioteknologia eta medikuntza aurreratua

EHUren Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedra biltzar bat egiten ari da Bilbon, bere 25. urteurrena ospatzeko, eta munduko zenbait aditu elkartu dira bertan.

Manuel Lezertua arartekoak topaketa horren hasiera-ekitaldian parte hartu, Federico Mayor Zaragoza Unesco-ko zuzendari nagusi ohiarekin eta Manuel Elkin Patarroyo immunologo kolonbiarrarekin batera.

Bi egun hauetan barrena, nazioartean ospe handia duten aditu batzuek honelako gaiak jorratuko dituzte: haurdunaldi subrogatua, gaixotasun arraroek sortzen dituzten arazo juridikoak, azaleratzen ari diren teknologiek berekin dakartzaten gatazka etikoak, giza genetika eta bioteknologia, eta horien ondorio etiko nahiz juridikoak.

Arartekoa gai honen gainean mintzatu da: "Oinarrizko eskubideak eta zientzia biomedikoak". Lezertuak Giza Eskubideei eta Biomedikuntzari buruzko Hitzarmena aipatu du, "Oviedoko Hitzarmena" deritzona, Europako Kontseiluak bultzatua eta hasieran 21 estatuk sinatua. Hitzarmen horren helburu nagusia gizakia bere duintasunean babestea da, eta edonori bere osotasuna eta gainontzeko oinarrizko eskubide-askatasunak errespetatuko zaizkiola bermatzea, biologiako eta medikuntzako aplikazioei dagokienez.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 14a