Abenduak 3. Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunean, Arartekoak eskatzen du erakunde-agendan sar dadila aniztasun funtzionalaren zeharkako ikuspegia, desgaitasuna duten pertsonak gizarte-, politika-, ekonomia- eta kultura-bizitzako alderdi guztietan txertatuko direla bermatzeko

Abenduaren 3an Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1992an aldarrikatu zuenetik. Egun honetan, kontzientziazio kolektiboa sustatu nahi da desgaitasuna duten pertsonak gizarte-, politika-, ekonomia- eta kultura-bizitzan txertatzea bultzatzeko premiari buruz.

Aurtengo leloa hauxe da: “Ekintzan bat eginda, garapen jasangarrirako helburuak (GJH) berreskuratzeko eta erdiesteko desgaitasuna dutenentzat, dutenekin eta dutenen alde.”

Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan inor atzean ez geratzea lortzeko konpromisoa adierazten da. Agerikoa dirudi, hori lortzeko, kontuan hartu behar direla aniztasun funtzionala duten pertsonak.

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena 2006ko abenduaren 13an onartu zen, eta haren ekarpenik handiena izan zen desgaitasunaren trataera giza eskubideen ikuspegitik begiratuta kokatzea. 2030 Agendak eta GJHek agerian jarri dute jasangarritasunak gizarte-dimentsio ukaezina duela eta irisgarritasuna garapen jasangarriaren zati bat dela.

2030 Agenda osatzen duten garapen jasangarrirako 17 helburuetako batzuetan zehazki aipatzen dituzte desgaitasuna duten pertsonak: 4. GJHan (hezkuntza barneratzaile, zuzen eta kalitatekoari buruzkoa); 8. GJHan (hazkuntza ekonomiko, erabateko enplegu eta lan duinari buruzkoa); 10. GJHan (desberdintasunak murrizteko premiari buruzkoa); 11. GJHan (hiri barneratzaile eta jasangarriei buruzkoa); eta 17. GJHan (Agenda betetzeko behar diren aliantzei buruzkoa).

Arartekoaren ustez, behin eta berriz jakinarazi behar da irisgarritasun unibertsala oraindik gainditu gabeko irakasgaia dela gure gizartean. Oztopoek aldi gehiegitan eragozten diete desgaitasuna duten pertsonei beren eskubideak gauzatzea, bizimodu independentea egitea, erkidegoan aktiboki parte hartzea. Ararteko erakundeak gabezia horiek ezagutarazi ditu hainbat txosten eta azterlanetan; azkenekoa, honako hau da: EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa.

Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bete nahi bada, herritar guztien premien aniztasunari erantzuteko inguruak sustatu behar dira. Horretarako, irisgarritasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu behar dira erabilera publikoko eraikin, establezimendu eta instalazioetan, lurraldea antolatzeko tresnetan, hirigintza-plan eta urbanizazio-proiektuetan eta garraio-sistemetan. 

Egun honetan Arartekoak ohartarazi nahi du desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzearen alde lan egiteko, erakunde-agendan etengabe mantendu behar dela aniztasun funtzionalaren zeharkako ikuspegia, beti kontuan har dadin bai plangintza egitean, bai haiei eragiten dieten politika publiko guztiak betearaztean. Euskal botere publikoek, beren jarduera bakoitzean, honako premisa saihestezin hau bereganatu behar dute: espazioak, zerbitzu publikoak oro har, edonorentzat irisgarriak izan behar dutela. 

Horretarako, onartu behar da desgaitasuna duten pertsonak benetako subjektu eskubidedunak direla, gainontzeko herritarrek dituzten aukera berberekin. Guztion zeregina da, euskal gizartearena oro har, gure hiriak, gure herriak eta gure lurraldea diseinatzeko orduan gaur egun nagusitzen diren pentsaera eta paradigmak alda daitezen aldeztea. Hauxe besterik ez da: gizakiaren funtzio-aniztasuna eta gaitasun-aniztasuna errespetatu eta behar bezala aintzat hartu behar dira partekatutako espazioa eta gizarte-baliabideak antolatzean, aisiaz eta kirolaz pentsatzean, gure harreman pertsonalak irudikatu eta gauzatzean.