Abenduaren 1a: HIESaren kontrako borrokaren nazioarteko Eguna

Gaixotasun horrek sortzen dituen estigma- eta diskriminazio-harresiak botatzeko dei egiten du Arartekoak

HIESa mundu osoan triskantzak egiten jarraitzen duen gaixotasun suntsitzailea da. Munduko toki batzuetan, izurria modu kezkagarrian hedatu da. Beste batzuetan, berriz, egonkortu egin da. Zenbait herrialdek, aberatsenek, birus horren hedapena kontrola daitekeela erakutsi dute, baina, lan horretarako, ezinbestekoa da gaixotasunaren kontrako borroka etengabe berritzea. Birus horren aurka borrokatzeko konpromisoa onartu dugu, baina oraindik baliabide gehiago bideratu behar dira zaintzara, prebentziora eta ikerketara.

Gaur egun tratamenduak emaitza onak ematen ari dira, sendagai berriek gehitu egin dute gaixoen bizi-itxaropena. Hala ere, gaixoek beste arazo batzuei egin behar diete aurre, tratamenduek eragindako bigarren mailako ondorioei hain zuzen, besteak beste, deformazioei, aurpegikoei batez ere. Horiek ondorio psikologiko larriak sor ditzakete gainera. Jasaten duten estigmatizazioa, zalantza barik, kirurgia estetikoko laguntzetara iristeko bidea errazteko arrazoia izan daiteke.

HIESa duten pertsonen beste eskaeretako bat honako hau da: laguntza bidezko ugalketa tratamenduak jasotzea, esperma garbituz, birus-eramaileak gizonezkoak direnean. Teknika horren erabilpen falta azaltzeko, zenbait datu baliatzen dira -esaterako, transmisiorik eza fidagarritasun osoz ez bermatzea-. Datu hori onartuta ere, bada kontuan hartu beharko litzatekeen beste zertzelada bat: alegia, finantzaketarik ezaren ondorioz, bikote askok, agian, esperma-garbitzearen tratamenduak bermatzen duen transmisio ezaren portzentaje altuari inolako onurarik atera gabe izango dituztela haurrak.

Eskaera horiek islatzen dituzte gaixo talde horrek bizi dituen egoeretako batzuk.

HIESaren pandemiatik datorren errealitateko elementu ezberdin horiek kontuan izanik, Ararteko erakundeak, euskal herritarren osasunerako eskubidea eta pertsona seropositiboen eta HIESa dutenen duintasunerako eskubidea babesteko duen erantzukizuna betez, herritarren kontzientzia iratzarri nahi du eta herri-aginteen erantzukizuna bultzatu, material profilaktikoak erabiltzeari buruzko prebentzio eta informazio kanpainak indar ditzaten eta HIESa duten pertsonen inguruan askotan izaten diren estigma- eta diskriminazio-harresiak bota daitezen, aldi berean pertsona horiekin elkartasun-harremanak sendotzen direla.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 30a